Mundua -
Poloniako hauteskundeak
Gobernu europazalea egon liteke Polonian, inkesten arabera
Orain arte gobernuan izan den PiS alderdiak irabazi ditu bozkak, baina ez gobernatzeko gehiengo nahikoarekin, betiere galdeketen arabera. Hala, Donald Tusk europazaleak gobernua osatzeko babesak eduki litzake.
agentziak | eitb media
Polonian hauteskunde legegileak egiten ari dira igande honetan, eta emaitzen araberakoa izango da herrialdeak Europar Batasunarekin eta Ukrainarekin izango duen harremana. Izan ere, azken urteotan tentsio handia izan da Varsoviaren eta Bruselaren artean politika judizialaren eta migrazioaren arloetan, eta Ukrainarekiko babesa ere indarra galtzen ari da Polonian; horren erakusgarri da Konfederazioa koalizio ultrakontserbadoreak inkestetan izan duen gorakada.
Poloniako Poliziak esan duenez, Varsoviako bonba abisuak izan dira hiru hauteslekutan. 200 bat pertsona atera dituzte bozketa zentro horietatik.
Parte-hartzeak maila historikoak lortuko ditu, ziur asko, 17:00etan poloniarren % 57,5ek eman baitute botoa, duela lau urte baino % 12 gehiagok.
Zantzu guztien arabera, hauteskundeotan errepikatu egingo da Poloniako indar politiko nagusien arteko lehia. Batetik, PiS dago, inkestetan % 37ko boto-asmoa jaso duena, eta Jaroslaw Kaczynski lehen ministro ohia buru duena, Bruselaren eta immigrazioaren aurkako mezuekin. Zazpi puntu gutxiago jaso ditu inkestetan PC oposizioko alderdiak, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidente ohiarenak. Europazaleen esperantza da Tusken alderdia.
Hauteskunde hauetako puntu garrantzitsuenetako bat LGTBI kolektiboarekin eta migrazioarekin lotutako lege europarrak dira, Poloniak orain arte muzin egin baitie EBren aginduei.
Hala ere, Ukrainako gerra izan da hizpide nagusia hauteskunde-kanpainan Kaczynskiren eta Tusken artean, eta azkenaldian gordindu egin da lehia, elkarri aberriari traizio egitea leporatzeraino.
Bien bitartean, Slawomir Mentzen 36 urteko politikaria buru duen Konfederazioa alderdi ultrakontserbadoreak gora egin du. 2019an jendaurrean agertu zenean argi azaldu zituen bere aldarrikapen nagusiak: "Judurik ez, aborturik ez, homosexualik ez eta zergarik ez". Hala ere, azkenaldian inkestek eman dioten babesarekin negoziazioen giltza izan dezakeela ikusita, mezua sinpletu du eta bi proposamen nagusitan oinarritu du kanpaina: "Zerga gutxiago eta onura sozialik ez ukrainarrentzat".
Gainera, hauteskundeez gain, erreferendum bat egiten ari dira igande honetan, eta laugarren galderan argi dago Poloniako Gobernuak migrazioaren inguruan duen irizpidea: "Onartzen al duzu Ekialde Hurbileko eta Afrikako legez kanpoko milaka etorkin hartzea Europako burokraziak inposatutako indarrezko birkokatze mekanismoaren bitartez?".