Mundua -

Bozkak

Polonian gobernu aldaketa egon daiteke, oraindik amaitu ez den botoen kontaketaren arabera

Botoen % 70 zenbatuta, Legea eta Justizia alderdia doa aurrena (botoen % 36,1), igandeko inkestek erakusten zuten aldea handituta, baina gehiengo osoa galduta. Dena den, behin betiko emaitzak gaur gauean edo bihar goizean jakinaraziko dituzte.

Andrzej Duda presidente poloniarra, bozkatzen. Argazkia: EFE
Andrzej Duda presidente poloniarra, bozkatzen
Andrzej Duda presidente poloniarra, bozkatzen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poloniako hauteskundeetako lehen emaitza ofizialek —botoen erdia baino gehiago zenbatuta— gobernu aldaketa egon daitekeela baieztatu dute; izan ere, agintean dagoen Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadoreak gehiengo osoa galduko luke.

Botoen % 70 zenbatuta, Legea eta Justizia alderdia doa aurrena, botoen % 36,1 lortuta. Alegia, abantaila handitu du, igandeko inkesten datuekin alderatuta.

Donald Tusken alderdia litzateke boto gehien bildu dituen alderdietan bigarrena, botoen % 31 jasota.

Hirugarren Bidea koalizioak, bestalde, % 14ko babesa lortuko luke. Amaitzeko, ezkerrarentzat eta ultranazionalistentzat lirateke botoen % 6,8, eta % 8,6, hurrenez hurren.

Parlamentuan presentzia lortuko duten oposizioko indar guztien koalizio batek PiS agintetik bota lezake, nahiz eta boto kopuruan garaipena lortu. Donald Tusk Plataforma Civicako buruak aukera errealtzat jo du hori, bart gaueko lehen inkestak ezagututa.

Dena den, behin betiko emaitzak gaur gauean edo bihar goizean jakinaraziko dituzte, eta kontuan hartu behar da are denbora gehiago beharko dutela atzerrian bizi diren milaka poloniarren botoak zenbatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Polonia