Mundua -

ISRAEL-HAMAS GERRA

Rafahko pasabidea ireki dute larri dauden palestinarrak eta atzerriko pasaportea dutenak handik ateratzeko

Egiptok baieztatu du larri zaurituta dauden 81 palestinar hartu dituela gaur, Egiptoko osasun zentroetan arta ditzaten. Bestalde, atzerriko pasaportea duten ehunka lagun atera dituzte Gazako Zerrendatik (eguna bukatu orduko 400 izango omen dira).

Egiptoko dozenaka anbulantziak igaro dute Rafahko pasabidea zauritutako palestinarrak artatzeko
Egiptoko dozenaka anbulantziak igaro dute Rafahko pasabidea zauritutako palestinarrak artatzeko
Nazionalitate bikoitza duten palestinarrak Gazatik Egiptora igarotzen hasi dira Rafahko pasabidetik

0:40

Agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Qatarren bitartekaritzari esker, akordioa adostu dute Egiptok, Israelek eta Hamasek atzerriko pasaportea duten eta oso larri zaurituta dauden palestinarrak Gazatik ateratzeko.

Horrela, Egiptoko dozenaka anbulantziak zeharkatu dute Rafahko pasabidea gaur, asteazkenarekin, Gazako Zerrendan zauritu dituzten pertsonak handik ateratzeko. Hain zuzen, Egiptora eraman dituzte, bertan artatzeko. Israelen erasoaldia hasi zenetik, ez dute horrelakorik egin, lekukoek eta Egiptoko komunikabideek jakitera eman dutenez.

Iturri horiek Rafahko igarobidea —Egipto eta Gaza banatzen ditu— zeharkatu duten anbulantzien irudiak zabaldu dituzte.

Qatarrek bitartekari lanak egin ditu

Qatarren esku-hartzeak lagundu omen du horretan. Aipatu iturriek ez dute zehaztu zenbat denbora egongo den zabalik Rafahko pasabidea, baina esan dute akordioak ez duela beste negoziazio gai batzuekin zerikusirik; Hamasek bahituta dituen lagunekin edota krisi humanitarioa arintzeko (elikagaiak, ura, erregaiak eta botikak falta dituzte) diseinatutako "etenaldiekin". 

Bestalde, Hamasek bitartekaritzan ari direnei esan dienaren arabera, aurki askatuko ditu 200 bahituetako batzuk, Abu Ubaida bozeramaileak Telegram aplikazioaren bidez zabaldutako bideo batean nabarmendu duenez.

Atzerriko pasaportea duten pertsonak Gazatik ateratzea baimendu du Hamasek

Gazako Barne Ministerioak baieztatu du baimena eman duela atzerriko pasaportea duten pertsonak handik ateratzeko.

Guztira, 500 bat pertsona irtengo direla jakinarazi du. Horien artean omen daude atzerriko pasaportea duten palestinarrak eta beste herrialde batzuetako herritarrak: japoniarrak, austriarrak eta bulgariarrak, besteak beste. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak Espainian eta Frantzian dituen langileak ere omen daude horien artean.

Ez dute zehaztu horietako zenbatek duten AEBko pasaportea, baina talde horretan gehiengoa dira.

Ebakuazioen lehen egunean, Egiptoko segurtasun iturriek baieztatu dute atzerriko pasaportea duten 320 pertsonak zeharkatu dutela pasabidea Egipto aldera, eta espero da guztira 400 izatea egunaren amaieran.

Gazako mugako funtzionarioek jakinarazi dutenez, gainera, pasabidea ostegunean ere irekiko dute, atzerriko pasaporteen titularrei irteten uzten jarraitzeko.

Egiptok baieztatu du 81 zauritu jasoko dituela

Egiptok baieztatu du larri zaurituta dauden 81 palestinar hartuko dituela gaur, Egiptoko osasun zentroetan arta ditzaten. 

Egiptoko dozenaka anbulantzia Rafahko muga zeharkatzen ari dira zauritu palestinarrak eramateko
Egiptoko dozenaka anbulantzia Rafahko muga zeharkatzen ari dira zauritu palestinarrak eramateko
Egiptoko dozenaka anbulantzia Rafahko muga zeharkatzen ari dira zauritu palestinarrak eramateko

0:42

Atzerriko pasaportea duten ehunka lagun atera dituzte Gazatik

Txandaka, atzerriko pasaportea duten ehunka lagun atera dituzte Gazako Zerrendatik. Aurreikusi dutenez, 400 pertsonak zeharkatuko dute muga eguna bukatu orduko.

EFE albiste agentziak egiaztatu du, bestalde, 81 anbulantzia eta beste horrenbeste zauritu atera dituztela gaur Gazatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Egipto