Mundua -

ARGENTINAKO HAUTESKUNDEAK

Massa eta Mileiren artean nork irabaziko duen, erabakitzear

Lehen emaitzak gauerditik aurrera iritsiko dira. Massa ofizialistak "itxaropenerako" eta "adostasunerako" deia egin du, eta Milei ultraeskuindarrak ofizialismoak garatu duen "beldurraren kanpaina" salatu du.

Emakume bat botoa ematen Buenos Airesen. Argazkia: EFE
Emakume bat botoa ematen Buenos Airesen. Argazkia: EFE
Emakume bat botoa ematen Buenos Airesen. Argazkia: EFE

AGENCIAS | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde eguna izan dute igandean Argentinan eta ordu gutxi barru jakingo da nor izango den hurrengo presidentea. Sergio Massa ofizialistak eta Javier Milei eskuin muturreko hautagaiak puntu gutxiko aldea dute inkesta guztietan. Bi aukerek pasioa zein gorrotoa pizten dute neurri berean eta tentsio handiko asteak bizi izan dira.

35,8 milioi argentinar zeuden botoa ematera deituta eta herritarren %78k eman du botoa hauteslekuak itxi arte (22:00ak Euskal Herrian).

Behin hauteslekuak itxita, botoak zenbatzen ari dira orain. Lehen emaitzak gauerditik aurrera iritsiko dira.

Massak "itxaropenerako" eta "adostasunerako" deia egin du

Sergio Massa Union por la Patria alderdiaren Argentinako presidente izateko hautagaiak Buenos Airesko Tigre hiriko 34. eskolan eman du botoa.

Azken diktadura militarra (1976-1983) amaitu ondoren, 40 urtez demokrazia izan dela ospatzen ari diren unean unean iritsi da hitzordua nabarmendu du eta "itxaropenerako" zein "adostasunerako" deia egin du.

"Datozen lau urteetan zein herrialde izango dugun definituko da gaur. Horregatik hauteskunde-prozesuan parte hartzen dugun guztiok erantzukizunez jokatu behar dugu", gaineratu du.

Massa jarraitzaile batekin argazkia ateratzen. Argazkia: EFE

Milei ultraeskuindarra "lasai" dago, ofizialismoaren "kanpaina zikina" salatu duen arren

Javier Milei La Libertad Avanza alderdi ultraeskuindarraren burua "lasai" eta "pozik" agertu da botoa ematera joan denean, aurkariak "beldurraren kanpaina" egin duela salatu duen arren. "Oso pozik gaude. Izugarrizko lana egin dugu, nahiz eta beldurraren kanpaina eta kanpaina zikina egin diguten", esan die Mileik Almagro auzoan zain zituen kazetariei.

Beltzez jantzita, larruzko kazadora batekin, txalo artean hartu dute jarraitzaileek "askatasuna", "presidentea" eta "kasta beldur da" oihukatzen zioten bitartean.

Milei jarraitzaileen aurrean. Argazkia: EFE

Etxe Arrosara iristen dena edozein izanda ere, egoera ekonomiko konplexua aurkituko du: inflazioak berriro maximo historikoak gaindituko ditu eta enegarren finantza-krisia iristear da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Argentina Hauteskundeak