Mundua -
AEB
Ukrainari eta Israeli diruz laguntzeko neurrien onarpena blokeatu du Alderdi Errepublikanoak
Neurri sorta babestearen truke, AEBko migrazio legeak mugatzeko eskatu dute errepublikanoek, batez ere, asilo sistemari dagokiona, eta etorkinei eman ohi dizkieten zenbait baimen humanitario kentzeko galdegin dute.
agentziak | eitb media
Ukrainari eta Israeli diruz laguntzeko neurri sorta baten onarpena blokeatu du Alderdi Errepublikanoak AEBko Senatuan. Hain zuzen ere, 105.000 milioi dolarreko (97.526 milioi euro) aurrekontua zuten gordeta horretarako.
Neurri sorta babestearen truke, baina, AEBko migrazio legeak mugatzeko eskatu dute errepublikanoek, batez ere, asilo sistemari dagokiona, eta etorkinei eman ohi dizkieten zenbait baimen humanitario kentzeko galdegin dute.
Gauzak horrela, 49 senatariek ezezkoa eman diote demokratek bultzatutako egitasmoari. Horrekin, Kievi 61.000 milioi euroko dirulaguntzak eman nahi zizkieten, eta Israeli 14.000 milioi eurokoak.
Demokratek Senatuan gehiengoa (51 eserleku) duten arren, 60 boto behar zituzten proiektua aurrera eramateko. Hortaz, errepublikanoen aurkaritza nahikoa izan da neurri sorta blokeatzeko.
Hemizikloan egindako agerraldian, Mitch MacConell kontserbadoreen buruak ziurtatu du ez dutela ezein neurri sorta onartuko, trukean migrazio legeak mugatzen ez badituzte.
Bestalde, demokratek berretsi dute eurentzat ezinbestekoa dela Ukraina eta Israel babesten jarraitzea. Bidenek berak atzo esan zuen migrazio gaietan amore emateko prest dagoela, babes hori bermatzearen truke.
Errepublikanoek egindako eskarien artean daude AEBn asiloa eskatzea baimentzen duen legea aldatzea, alegia, babes bila doazenen baldintzak are gehiago zorroztea, negoziazioen inguruan filtratu den informazioaren arabera.