Mundua -
Ekialde Hurbila
AEBk berriro bonbardatu du Yemen, eta tentsioak gora egin du
Joe Biden AEBko presidenteak esan du huthiak terroristak direla, eta horiek AEBren eta Erresuma Batuaren aurkako "gerra irekia" iragarriz erantzun dute.
agentziak | eitb media
AEBko Armadak eraso gehiago egin ditu gaur Yemenen, huthien radar sistemen aurka, eraso zabala egin eta biharamunean, AEBko iturriek jakinarazi dutenez.
Aurreko operazioan ez bezala, azkenekoan ez du Erresuma Batuak parte hartu, eta Washingtonek berak bakarrik egin du.
Huthiek Itsaso Gorriko itsasontzien aurka misilekin eta bidaiaririk gabeko hegazkinekin egindako erasoei erantzunez egin dituzte azken erasoak.
Matxino huthiek palestinar herriari elkartasuna adierazteko egin diete eraso itsasontziei.
Huthiek, Iranen babesean, Sana Yemengo hiriburua eta herrialdearen iparraldeko eta mendebaldeko zenbait eremu dituzte kontrolpean 2015etik.
Terroristak
Joe Biden AEBko presidenteak esan du Ansar Ala mugimendua, Yemengo huthi errebeldeek osatzen dutena, talde terrorista gisa hartu beharko litzatekeela.
"Huthiei talde terrorista deitzeko prest zaudete?", galdetu dio kazetari batek Bideni, eta horrek argi erantzun du: "Badirela pentsatzen dut". Hala eta guztiz ere, gehitu du taldeari terrorista deitzeak ez lukeela ezer aldatuko.
Bidenen Administrazioak 2021eko otsailean atera zituen huthiak talde terroristen zerrendatik, izendapen horrek "oinarrizko elikagaiak eta erregaiak eskuratzeko kalte handia" egingo liokeelakoan.
Huthiek "gerra irekia" deklaratu dute
Hori horrela, huthiek "gerra irekia" iragarri dute AEBren eta Erresuma Batuaren aurka Yemenen egindako bonbardaketengatik.
Yahya Sarea matxinoen bozeramaile militarrak atzo jakinarazi zuenez, bonbardaketa horiek bost hildako utzi zituzten.
Huthiek uste dute erasoak "justifikaezinak" direla, "terroristak" direla, eta erantzun egingo dutela hitzeman dute.