Mundua -
Gerra
Gutxienez 25 pertsona hil eta 20 zauritu dira Ukrainak Donetskeko merkatu baten kontra egindako erasoan
Denis Pushilin Donetskeko buruzagi errusiazaleak salatu egin du erasoa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez 25 pertsona hil eta 20 zauritu dira igande honetan Ukrainak Donetskeko merkatu batean egindako eraso baten ondorioz, Denis Pushilin Donetskeko buruzagi errusiazaleak jakitera eman duenez. Donetskeko eskualdea 2022ko irailean anexionatu zuen Errusiak.
"Orain arte 25 hildako baieztatu ditugu. Gutxienez 20 pertsona zauritu dira, larri dauden bi haur tartean", zehaztu du Pushilinek prentsa-bulegoak zabaldutako oharrean.
Aurretik, Aleksei Kulemzin Donetskeko alkateak 18 hildako eta 13 zaurituren berri eman du Telegram bidez, baina erasoaren informazioaren zain daudela gaineratu du.
Tekstilshchikeko barruti txikian dago merkatua, Donetskeko hego-mendebaldean. Ukrainak hiri horren kontrola galdu zuen 2014an, eta gerra-frontetik kilometro gutxira dago; hortaz, Ukrainako artilleriak eragin diezaioke.
Ukrainako ekialdeko frontean, borrokaldiak areagotu egin dira; izan ere, han bertan Errusiako tropek aurrera egitea lortu zuten atzo, Gerra Aztertzeko Institutu estatubatuarraren arabera.
Errusiaren arabera, orain arte aurrea hartu dio beti Ukrainari; Ukrainak, berriz, "defentsa aktiboa" egiten ari dela esan du, eta Moskuko tropen aurrerapenei aurre egiten ari direla.