Mundua -

Alemania

Planto egin diote Alemanian eskuin muturrari 800 000 manifestarik baino gehiagok

Duela astebetetik milaka dira egunero kalera ateratzen ari direnak Alemaniaren aldeko Alternatiba (AfD) ultraeskuindarraren aurka protesta egiteko, alderdiko kideek milioika etorkin kanporatzeko planak sekretuan eztabaidatu dituztela jakin ondoren.

Manifestazioa Berlinen. EFE.
Manifestazioa Berlinen. EFE.
Manifestazioa Berlinen. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela astebetetik milaka dira egunero kalera ateratzen ari diren alemaniarrak Alemaniaren aldeko Alternatiba (AfD) ultraeskuindarraren aurka protesta egiteko, alderdiko kideek milioika etorkin kanporatzeko planak sekretuan eztabaidatu dituztela jakin ondoren.

Asteburu honetan, 800.000 pertsona baino gehiago atera dira Alemaniako hiri nagusietako kaleetara, demokraziaren aldeko eta ultraeskuinaren aurkako protesta oldearen baitan.

Berlinen 100.000 pertsona bildu dira igande arratsaldean, Poliziaren kalkuluen arabera, Bundestag (Parlamentua) parean, Brandeburgoko Atetik hasi eta Garaipenaren Zutabera arteko bi kilometrotan. Munichen, Kolonian, Bremenen, Cottbusen, Dresden eta Chemnitzen ere hirietan ere manifestazioak izan dira. 

Munichen, 250.000 lagunek egin dute bat deialdiarekin, antolatzaileen arabera -80.000 Poliziaren arabera-. Hain zuzen ere, ekitaldia bertan behera geratu da aurreikuspen guztiak gainditu eta jende gehiegi bildu delako. Ostiraletik 800.000 baino gehiago izan dira herrialde osoan egindako protestetan parte hartu dutenak. 

Manifestación frente al Bundestag, en Berlin. EFE.

Martxen aurretik, Berdeek Brandeburgoko estatuan egindako hitzaldi batean, Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak "gizartea hankaz gora jarri eta Konstituzioa ahuldu nahi dutenak" aipatu ditu eta "hori eragozteko, demokrazia gure indar guztiekin defendatzera", deitu ditu ministroak herritarrak. "Garbi hitz egin behar dugu. Ez dira 'herritar haserretuak', ez dira 'kezkatua dauden pertsonak', eskuineko populistak dira, eta gure Konstituzioari erasotzen diote", esan du.

Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak ere manifestarien demokraziarekiko konpromisoa goraipatu du sare sozialetan zabaldutako mezu batean. "Pertsona horiek kemena ematen digute guztioi. Gure errepublika eta Konstituzioa defendatzen dute etsaien aurrean. Gure gizatasuna defendatzen dute", adierazi du Steinmeierrek. "Gure demokraziaren etorkizuna ez dago aurkarien zarataren intentsitatearen mende, demokrazia defendatzen dutenen indarraren mende baizik. Erakuts dezagun elkarrekin indartsuagoak garela", azpimarratu du politikari sozialdemokratak.

Bundestageko presidenteorde Katrin Göring-Eckardt turingiarrak X plataforman argitaratu duenez, "Ekialde osoan (Alemanian), jendea kalean dago 1989an borrokatu genuen demokraziaren alde. Pozgarria da! Pozten naiz atera diren guztiengatik, baina batez ere Ekialdean atera direnengatik".

Saxonia ekialdeko estatu federatuetan, Turingian eta Brandeburgon, eskualde-hauteskundeak egingo dira aurten. Azken inkesten arabera, AfDren boto-asmoa % 20tik gorakoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Alemania Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Giza eskubideak Ultraeskuina