Mundua -

ISRAEL

Netanyahuren dimisioa eskatu dute 100.000 lagunek Jerusalemen, U-7tik izandako mobilizaziorik handienean

Manifestariek gutxienez lau eguneko kanpaldia antolatu dute Israelgo Parlamentuaren aurrean, "protesta aste nazional" baten lehen urrats gisa, Hamaseko bahituen senideen babesarekin.

Netanyahuren aurkako manifestazioa, igande honetan, Jerusalemen. Argazkia: EFE
Netanyahuren aurkako manifestazioa, igande honetan, Jerusalemen. Argazkia: EFE
Netanyahuren aurkako manifestazioa, igande honetan, Jerusalemen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

100.000 pertsona baino gehiago atera dira igande honetan Jerusalemgo kaleetara, Benjamin Netanyahuren Gobernuaren aurkako mobilizaziorik handienean,  boposizioak deitutako "protesta astearen" hasiera gisa.

Manifestazio handi honekin batera, beste manifestazio txikiago batzuk ere egin dira hiri osoan zehar. Knesset edo Israelgo Parlamentuaren aurrean kanpaldia hasi dute, gainera, hauteskundeak aurreratzea eskatzeko.

Gazan dauden bahituen hainbat familiak bat egin dute protestarekin, lehen aldiz, Netanyahu truke akordio baterako oztopo dela uste baitute. Familia horien bozeramaileetako batek, Eli Albagek (Liri alaba Hamasen esku dago), azaldu du Tel Aviveko Bahituen Plaza izenekoan egiten den protestan parte hartzeari utziko diotela, lehen ministroaren aurkako mobilizazioetan parte hartzeko.

"Hau da hemen geratzen garen azken shabbata. Hemendik aurrera kaleetan izango gara. Argiak itzaltzeko unea da", adierazi zuen Albagek larunbateko kontzentrazioan. "Protestak hasi berri dira", idatzi du X sare sozialean Haim Rubinstein Bahituen eta Desagertuen Familien Foroko bozeramaileak.

Manifestariek "Hauteskundeak orain!" oihukatu dute, eta Netanyahuren aurkako leloak bota dituzte: "Liderra zara, erruduna zara". Manifestazioan Yesh Atid alderdiko, Alderdi Laboristako eta Histadrut sindikatuen konfederazioko buruzagiek ere parte hartu dute.

Poliziak istiluen aurkako agenteak bidali ditu manifestariak zaintzera eta liskarrak izan dira Begin etorbidean.

Manifestariek kanpaldia gutxienez lau egunez mantendu nahi dute eta manifestazioak deitu dituzte egunero, 19:00etan, datorren astean. Gainera, elkarretaratzeak egingo dituzte Netanyahu babesten duen koalizioko diputatuen etxeen aurrean.

Protesta astea apirilaren 6an amaituko da Kaplan kalean eta Tel Aviveko Bahituen Plazan egingo den manifestazio handi batekin.

Acampada antigubernamental frente al Parlameto israelí. Foto: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Benjamin Netanyahu