Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Bilboko eskoletako gurasoek manifestazioa antolatu dute maiatzaren 15ean Palestinako "genozidioaren" aurka

Moyua plazatik abiatuko da "genozidioak sortzen digun sumindura" agertzeko aldarrikapen ekitaldia.

Haurrak, Gazan. Argazkia: EFE
Haurrak, Gazan. Argazkia: EFE

Bilboko ikastetxe publikoetako IGEek manifestazioa deitu dute ''Israelen genozidioaren'' aurka

0:43

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko eskoletako gurasoen elkarteek manifestazioa antolatu dute maiatzaren 15ean Bizkaiko hiriburuan "Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren" aurka.

Bilboko 20 bat hezkuntza zentrotako gurasoek adierazpen bat adostu eta gaur aurkeztu dute prentsaurreko batean, "Israel palestinar herriaren aurka egiten ari den genozidioak" eragiten dien sumindura agertzeko.

Adierazpenean azaldu dutenez, "Palestinan gertatzen ari denak, Israel palestinarren kontra egiten ari den genozidioak, zeharo hunkitzen gaitu. Oso bereziki, umeen aurkako erasoaldi gupidagabeak harritu eta ikaratu egiten gaitu."

"Gure haurrak ere badira" izenburupean, "gure begiek isurtzen dituzten amorruzko malkoak genozidio hau geldiarazteko indar bilakatu" nahi dituztela azaldu dute. "Euskal Herriko gurasook ere, oso era berezian, ahal dugun guztia egin behar dugu sarraski hau geldiarazteko. Bide horretan, sortu dugun manifestura atxikitzeko eskatu nahi diegu Euskal Herriko eskola, ikastola eta hezkuntza zentro guztietako komunitateei", gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 15ean, 19:00etan, Moyua plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Era berean, Gasteizen maiatzaren 11n egingo den manifestazioan ere bertaratzera animatu dituzte herritarrak, bertan hasi baitzen Palestinaren aldeko gurasoen mugimendua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Bilbo Bizkaia Gazako Zerrenda Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Israel Palestina