Mundua -

ESLOVAKIA

Eslovakiako lehen ministroa "kontziente" dago eta "ahoz komunikatzeko gai" da

Bost tiro jasota, ebakuntza luzea egin behar izan diote bart buruzagi sozialdemokratari. Atentatuaren ustezko egilea, 71 urteko gizonezkoa, atxilotuta dute eta hilketa saiakera delitua leporatu diote.

Atentatuaren unea. Argazkia: EITB Media
Atentatuaren unea.
Robert Ficok ''egonkor, baina larri'' jarraitzen du, bost orduko ebakuntzaren ostean

0:33

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzoko atentatuaren ondoren, Robert Fico Eslovakiako lehen ministroak larri jarraitzen du, baina "kontziente" dago eta "ahoz komunikatzeko" gai da. Hala baieztatu du Peter Pellegrini Eslovakiako presidente hautatuak, Ficori ospitalean bisita egin eta gero. "Berarekin hitz egiten utzi didate, baina oso tarte laburrean, orain lasai egotea komeni zaio eta", esan du datorren hilabetean presidente kargua hartuko duen politikariak.

Bost tiro jaso zituen kale erdian lehen ministroak. Ebakuntza luze bat egin ondoren, "arriskutik kanpo" baina "egoera larrian" dago, erietxeko iturriek baieztatu dutenez. "Egonkor, baina oso larri", zehaztu dute.

Bestalde, Robert Kalinak Defentsa ministroak azpimarratu du "kutsu politikoko atentatua" izan dela. "Gizartearen zati baten nahia onartzeko prest ez daudenek egin dute", erantsi du. 

Ustezko erasotzailea, 71 urteko gizonezkoa

Tiroen ustezko egilea, Juraj Cintula 71 urteko gizonezkoa, erasoa egin eta berehala atxilotu zuten, eta poliziaren esku dago ordutik. Atxilotutakoak armak izateko baimena zuen, eta aurrez segurtasun pribatuan lan egin zuen. Hilketa saiakera delitua leporatu diote. 

Erasoa atzo jazo zen Handlova hirian, Gobernuak egindako bilera baten ostean. Errusiaren aldeko agintari sozialdemokrata bere alderdiaren jarraitzaileekin hitz egiten ari zen, kultur zentro baten kanpoaldean, bost tiro jaso zituenean. 

Atentatuaren ostean, Parlamentuan egitekoa zen saioa bertan behera utzi zuen Gobernuak.

Bruselaren jarreratik urrun, eta Orban eta Putinen aliatua

Errusiarzalea eta kontserbadorea politika publikoetan, iazko irailean egindako hauteskundeak irabazi zituen. Zazpi hilabete daramatza, beraz, agintean. Ukrainako gerrak Eslovakian sortutako ezinegona baliatu zuen kanpainan, Ukrainako Armadarentzat "bala bakar bat ere ez entregatzeko" promesarekin.

Jarrera horrek Bruselako 27en jarreratik urrundu du Eslovakia, eta Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren tesietara hurbildu. Ukrainari armak ematearen kontra azaltzeaz gain, herrialde horretako zereal inportazioak blokeatzen saiatu da, Eslovakiako nekazariak babesteko-edo. Halaber, Turkiarekin batera, Suedia NATOn sartzea oztopatu du. 

Ukrainari babesa ez emateagatik egindako kritiken aurrean, "bake gizona" dela defendatu du Ficok. Errusiari ezarritako zigorren kontra eta Ukraina NATOn sartzearen aurka ere egin du. 

Etxe barruan ere ez du giro goxoa izan politikari kontserbadoreak. RTVS irrati-telebista kate publikoa ixtea erabaki zuen objektibotasun falta egotzita. Erabakiak hautsak harrotu ditu oposizioaren baitan, eta hainbat manifestazio izan dira bere kontra. 

Nazioarteko gaitzespena

Zuzana Caputova Eslovakiako presidenteak agerraldia egin du, lehen ministroak jasandako erasoa gaitzesteko, eta ohartarazi du ez dela soilik pertsona baten aurkako erasoa, baizik eta "demokraziaren aurkako erasoa".

Europar Batasuneko buruzagi nagusiek ere lehen ministroaren aurkako erasoa gaitzetsi dute.

"Irmo gaitzesten dut Robert Fico lehen ministroaren aurkako eraso zitala. Indarkeria ekintza horiek ez dute tokirik gure gizartean, eta gure demokrazia ahultzen dute", ziurtatu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, sare sozialetan zabaldutako mezu batean.

Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak "hunkituta" dagoela aitortu du. "Ezerk ezin du indarkeria edo horrelako erasoa justifikatu", adierazi du.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea "izututa eta haserre" agertu da atentatuaren aurrean. "Espainia Robert Fico, bere familia eta eslovakiarrekin dago une zail hauetan. Ezerk ezin du indarkeria justifikatu", ziurtatu du.

"Hunkituta nago Robert Fico Eslovakiako lehen ministroa jo duten tiroengatik. Hirmo gaitzesten dut eraso hau", adierazi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak.

Petr Fiala Txekiako lehen ministroak azpimarratu du albistea "ikaragarria" dela. "Lehen ministroa lehenbailehen osatzea espero dut. Ez dugu indarkeria onartu behar, gizartean ez du tokirik izan behar", azpimarratu du.

Bestalde, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak "hilketa saiakera koldartzat" jo du gertatutakoa, eta indarkeriak ez duela lekurik izan behar Europako politikan baieztatu du.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak atentatua "krimen ikaragarria" dela esan du. "Egoera zail hau gainditzeko gai izatea espero dut", adierazi du.

Joe Biden AEBetako presidenteak ere erasoa gaitzetsi du: "Jill (Biden) eta biok laster senda dadin otoitz egiten ari gara, eta bere familiarekin eta Eslovakiako herriarekin gaude. Indarkeria ekintza hau gaitzesten dugu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Europa Atentatuak bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Eslovakia