Mundua -

Gaza, erasopean

Israelek 81 pertsona hil eta 223 zauritu ditu Gazan azken 24 orduotako erasoetan

Israelgo Armadak, bestalde, baieztatu du Rafahtik zortzi lehergailu bota dituztela Israel erdialdera, Tel Avivera tartean, Hamasek bere gain hartu duen erasoan. Lau hilabete zeramatzan Hamasek Israelen aurkako erasorik egin gabe.

Israelek egindako erasoetako bat. Argazkia: EFE
Israelek egindako erasoetako bat
Israelek egindako erasoetako bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazako Zerrendan Israelek egindako erasoek 81 pertsona hil eta 223 zauritu dituzte azken 24 orduetan, Gazako Osasun Ministerioak gaur, igandearekin, argitaratutako informazioaren arabera.

Gerra hasi zenetik 233 egun bete direnean, 35.948 lagun hil dituzte, horien % 71 haurrak eta emakumeak, eta 80.643 zauritu dituzte, urriaren 7tik. Gainera, Gazako agintariek esan dute kopuru horietan ez dituztela kontuan hartu hondakinen artean desagertuta dauden 10.000 pertsonak.

Wafa albiste agentzia palestinarrak airez jasotako azken eraso horiek salatu ditu. Bien bitartean, Israelek Gaza iparraldea suntsitzen jarraitzen du, zibilei ere eraso eginez.

"Hegazkin batek lehergailuak jaurti ditu etxebizitza baten aurka Nuseirat errefuxiatuentzako eremuan, Gazako Zerrendaren erdialdean, eta beste batek bertan dauden zenbait etxebizitza izan ditu helburu", gaineratu du Wafak.

Israelgo Armadak, bere aldetik, ziurtatu du bart 50 helburu terrorista txikitu dituztela, tartean "armak, jaurtigaiak eta misilak gordetzeko tokiak".

Hamasek zortzi lehergailu jaurti ditu Israel erdialdera, Tel Avivera tartean

Rafahtik zortzi lehergailu bota dituzte gaur Israel erdialdera, Tel Avivera tartean, Hamasek bere gain hartu duen erasoan. Lau hilabete zeramatzan Hamasek Israelen aurkako erasorik egin gabe.

"Sirenen hotsen ostean, zortzi jaurtigai ikusi ditugu Rafahtik Israelera bidean, eta horietako asko gelditu egin ditugu", esan du Israelgo Armadak ohar baten bidez.

Erasoak, baina, ez du kalte larririk eragin, eta pertsona bakarra zauritu du, arin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Hamas