Mundua -
Turkia babesteko
Alemaniako Gobernuak soldaduak eta misilak bidaliko ditu Turkiara
Parlamentuak oniritzia eman ostean, soldadu hauek Turkia babesteko Siriako mugan hedatzeko asmoa du Alemaniako Exekutiboak.
Erredakzioa
Turkiara, Siriako mugan, 'Patriot' misilak eta soldaduak bidaltzeko proposamena onartu du ostegun honetan Alemaniako Gobernuak, Gobernuko iturriak aipatuta, Reuters albiste-agentziak jakinarazi duenez. Hala ere, Alemaniako Parlamentuko Behe Ganberak, Bundestangek, oniritzia eman beharko du.
Proposamen honek Parlamentuan babes handia lortuko duela uste du Guido Westerwelle Atzerri Gaietarako ministroak, hainbat alderdi honen aurka egon arren, tartean, Berdeak, hauen arabera, Alemania gatazka handi batean murgildu daitekeelako.
Ankarak eskatuta, NATOko Atzerri Gaietarako ministroek Turkia babesteko 'Patriot' misilen hedapena onartu zuten asteartean. "Prozedura nazionalei so eginda, AEBek, Alemaniak eta Herbeherak 'Patriot' misilak bidaltzeko asmoa" jaso zuen adierazpen honek.
Hiru herrialde hauek misil mota hauen bertsio aurreratua dute. Zenbat misil bidali eta zenbat denborarako zehaztea Gobernuei dagokie. Litekeena da hedapen militarra datozen asteetan hastea.