Osasuna eta ongizatea -

Osasuna

D bitamina, eguzkiaren menera

Udaberriarekin, eguzki ordu gehiago ditugu eta, hala, gure gorputzeko D bitaminaren maila hobetu dezakegu. Izan ere, herritarren artean gabezia dagoela atzeman dute azken ikerketek. Maddi Etxeberria nutrizionistarengana jo dugu aholku eske.

Suplementazioarekin eztabaida dago, baina Etxeberriaren ustez, gomendagarria izan daiteke. EITB
D bitaminaren suplementoa.
Zer egin D bitaminaren falta atzematen badigute?

3:48

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

66 urte ditu Begoñak, eta familia medikuak errezeta bitxia egin dio: har dezala eguzkia egunero, 15 bat minutuz eta eguzkitako krema eman gabe. Emakumearen odol analisiek D bitamina falta duela erakutsi dute, eta bitamina hori hezurrak zein giharrak osasuntsu egoteko gakoa denez, aholku hori eman dio sendagileak, bestelako botikarik eman gabe. 

Begoñaren kasua ez da, dirudienez, kasu isolatua. Berriki egin duten ikerketa batek ondorioztatu duenez, Kataluniako herritarren hiru laurdenek D bitaminaren maila baxuak dituzte (harrigarria suerta liteke akaso, Mediterraneo aldea oso eguzkitsua den aldetik). Osakidetzak eta Osasunbideak ez dituzte horren inguruko datu zehatzik, baina Maddi Etxeberria (Andoain, 1998) nutrizionistaren ustez, badaude zantzuak pentsatzeko Euskal Herrian ere egoera bertsuan egongo garela. Hala, D bitaminaren maila neurtzeko gomendioa eman die herritarrei.

Eguzkiaren B motako izpi ultramoreak dira D bitaminaren iturri nagusia. Gure gorputzak hura sintetizatu eta gibelean eta giltzurrunean gordetzen du, eta bi organo horiek hormona bihurtzen dute —horrela deitu arren, D bitamina ez baita bitamina, hormona baizik—. 

Grafikoa: EITB Media

Eguzkirik ezean, eta maila apalagoan bada ere, bada D bitamina dietaren bitartez jasotzerik. Hainbat elikagaitan topa dezakegu, hala nola gibelean, arrautzetan edota arrain mota batzuetan.

Grafikoa: EITB Media

Bada azken aukera bat D bitaminaren maila handitzeko, baina eztabaida eragiten du adituen artean: suplementazioa. Maddi Etxeberriaren esanetan, D bitamina pilulatan edo anpoilatan hartzea "interesgarria" izan liteke hirugarren adinekoentzat eta, batez ere, menopausiaren atarian edo menopausian dauden emakumeentzat. Dena dela, ohartarazi digunez, kontuz ibili behar da gehiegi hartzea toxikoa izan baitaiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Nutrizioa Ongizatea eta osasuna