Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 46. urteurrena | EITB Martxoak 3 berezia

1976ko Martxoak 3

15:01

1976ko Martxoak 3

40. urteurrena

Martxoaren 3ko biktimek benetako aitortza eskatu dute

agentziak | erredakzioa

Gasteizko Udalak lehenengoz hartu ditu famiak eta biktimak, eta azken horiek esan dute gizartearen eta erakundeen beroak indartu egin dituela.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

1976ko martxoaren 3an Gasteizen izan zen sarraskiko familiek eta biktimek eskertu egin dute erakundeek, alderdi politikoek, sindikatuek eta euskal gizarteak emandako beroa, baina pauso gehiago eskatu dizkiete politikariei eta Espainiako Gobernuari, aitortza benetakoa izan dadin.

Gasteizko Udalak harrera ofiziala egin die gaur 1976ko martxoaren 3an Poliziak hil zituen bost langileen senideei, zauritu ziren ehundik gora langileetaz ahaztu gabe.

Greban zeuden Gasteizko hainbat enpresatako milaka langile asanblada bat egiten ari ziren San Frantzisko elizan Poliziak ke poteak jaurti zituenean. Orduan, ihes egiten saiatu ziren bertan zeuden langileak, eta agenteek tiro eginez erantzun zuten.

"Sarraski justifikaezina"

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gogorarazi du "denontzako mundu hobea eta justuagoa lortzeko borroka egiten ari ziren errugabeen sarraski justifikaezina" izan zela.

Pedro Martinez Ocioren (27 urte), Francisco Aznar Clementeren (17), Romualdo Barroso Chaparroren (19), Jose Castilloren (32) eta Bienvenido Peredaren (30) familiek 40 urte berandu jaso dute Udalaren aitortza, plaka batzuen bitartez.

Ekitaldian izan dira Udaleko alderdi politiko guztiak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Monika Hernando Eusko Jaurlaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria. Martxoaren 3ko biktimei babes instituzionala eta politikoa helarazi nahi izan diete horrela, eta Espainiako Gobernuaren aldetik horrelako jarrerarik ez dutela sumatzen kritikatu dute.

Urtaranek aitortu du "hiriaren maitasuna" ez dela nahikoa, eta Espainiako Gobernuko presidente izango denari eskatu dio "egiaren batzordea" jartzeko martxan, "gertatu zena ikertzeko, ardurak argitzeko, eta hildakoen memoria konpontzeko terrorismoaren biktima gisa aitortuta".

"Pintadak garbi daitezke; kontzientziak, ez"

Nerea Martinezek, Martinez Ocioren ilobak, esan du Udalak frankismoaren krimenen kontrako kereila argentinarrean sartzea erabakitzen badu "pauso handi" izango dela.

Biktimak oroitzeko monolitoen kontrako "eraso faxistak" direla eta, Martinezek uste du pintadak garbi daitezkeela, "baina kontzientziak, ez".

martxoak 3 pintadak eitb

Pintatuta agertu zen monolitoa. EiTB

Eva Barrosok, Romualdoren (elizan semearekin zegoen ama bat babesten ari zenean hil zuten tiro bat jota) arrebak, gogorarazi du 1976an Gasteizko alkate zenak ez ziela dolumin ofizialik ere eman gurasoei. "2016ko alkateak doluminak eman dizkigu (...), eta duintasunezko keinua da, gure sendiari bakea ekartzen diguna", gaineratu du, keinu "formal" bat besterik ez dutela onartzen ohartarazi aurretik.

Lore-eskaintza

Udaleko harreraren ostean, biktimak Zaramaga auzoan omendu dituzte, eta bertan, agintariek, sindikatuek eta alderdi politikoek loreak jarri dituzte monolitoan. Ekitaldi horretan izan dira, besteak beste, Jonan Fernandez Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza arduraduna eta hainbat ordezkari sindikal.

3 de marzo martxoaren 3a Vitoria Gasteiz ofrenda floral lore-eskaintza. EFE

Herritar asko inguratu dira martxoaren 3ko biktimen monolitora. EFE

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak larrosa sorta bat eraman du goizean goiz, Eusko Legebiltzarreko bilkurara jun aurretik. Legebiltzarraren barrualdean, berriz, EH Bilduren ordezkariek bost krabelin jarri dituzte biktimen omenez, eta gero Zaramagan utzi dituzte. Koalizio abertzaleak ekitaldi propioa egin du eguerdian, eta Miren Larrion Gasteizko Udaleko bozeramaileak ohartarazi du orduan langile mugimendua geldiarazten saiatu zirenak gaur egun "lan erreforma, mozal legea eta murrizketak" ezarri nahi dituzten berak direla.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena