Bake prozesua -
Parot doktrina
Zigor Kodea 80ko hamarkadan ez berritzea leporatu dio Gobernuak PSOEri
ETAk "urtero dozenaka edo ehunka lagun hiltzen zituenean" Zigor Kodea berritu ez izana leporatu dio Fernandez Diaz ministroak PSOEri.
Erredakzioa
1995. urteko "demokraziako Zigor Kodea" egiteko “denbora gehiegi” eman zutela kritikatu du gaur Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. 'Parot doktrina' izenaz ezagutu denaren inguruan egindako "lehen akatsa" izan zela gaineratu du, PSOEren Gobernuek Zigor Kode berri bat egin ahal izateko "denbora nahikoa eta gehiengo absolutua izan zutelako".
Onda Cerori eskainitako elkarrizketan, ETAk "urtero dozenaka edo ehunka lagun hiltzen zituenean" Zigor Kodea berritu ez izana leporatu dio PSOEri. Ministroak gogoratu duenez, Juan Alberto Belloch Barne ministroa zenean onartu zuten egungo Zigor Kodea, 1995. urtean. Aurrekoa 1973an egin zuten, frankismo garaian.
Ministroak esan du "bitxia" zela giza eskubideen ikuspegitik terrorista bat frankismo garaiko zigor kode batekin epaitzea, egungo araudi batekin egin beharrean. Hala ere, Zigor Kode horiek alderatzea ezinezkoa dela gaineratu du, 73koak heriotza-zigorra aurreikusten baitzuen.
Bestalde, 'Parot doktrina'ren inguruko epaiak "hiltzaile" asko espetxetik ateratzea ekarriko duela onartu du Fernandez Diazek, eta horrek "gizartean alarma soziala" piztuko duela gaineratu du.
Edonola ere, Justizia Ministerioak ez die preso horiei kalte-ordainik emango, nabarmendu du. "Oraindu behar izateak minari iseka gehitzen dio", gaineratu du.