Barcenas auzia -
Elkarrizketa
Barcenas auzian erantzukizunak argitzeko eskatu dio Ortuzarrek PPri
Jeltzaleek ez dute Rajoyren dimisioa eskatuko, ez eta balizko ikerketa batzorde baten eraketa babestuko, EBBko presidentearen arabera.
Erredakzioa
Barcenas auzian, erantzukizun politikoak hartzeko eskatu dio Andoni Ortuzar EBBko presidenteak Alderdi Popularrari, auziak nor zipriztintzen duen kontuan hartu gabe.
"PPren baitan euren burua salbatzen hasita daude, baina Alderdi Popularra oraindik garaiz dago erantzukizun politikoak bere gain hartzeko. Epaitegiek zehaztuko dituzte erantzukizun judizialak, baina aurretik erantzukizun politikoak argitu behar dira", adierazi du.
Ortuzarren ustez, popularrek baliabide ekonomikoen kudeaketa okerra egin dute, politikaren alde ilunarekin harremana izan dute eta ez dute jasotako dohaintzen gaineko kontrol egokia egin.
Informaziorik ez ematea, egia ezkutatzea eta Justiziaren babesa bilatzea egotzi dio Ortuzarrek PPri.
Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketan, PSOE ere gogor kritikatu du egoeraren larritasuna bere alde erabiltzeagatik. "Sozialistak ez daude lezioak emateko moduan epaitegietan argitu gabeko hainbat auzi dituzte eta", nabarmendu du. Jeltzaleek ez dute sozialisten bidea jarraituko, baina popularrekin zorrotzak izango direla nabarmendu du.
Bide beretik, ez dute Mariano Rajoyren dimisioa eskatuko. "Lehendabizi, zer gertatu den argitu eta erantzukizun politikoak zehaztu behar dira, eta geroago izango dugu Rajoyri edo dagokionari kontuak eskatzeko garaia", gaineratu du.
Ortuzarren arabera, jeltzaleek ez dute balizko ikerketa batzorde baten eraketa babestuko.