Politika -

Ekitaldia Alderdi Ederren

Donostiako Udalak bat egin du, biktimak omentzeko

Bilduk, EAJk, PSEk eta PPk parte hartu dute terrorismoaren eta indarkeriaren alde egindako omenaldi batean.

Donostiako Udalak bat egin du, biktimak omentzeko
Donostiak indarkeria guztien biktimak omendu ditu

01:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak aurrekaririk gabeko batasun irudia eskaini du gaur, alderdi guztiek bat egin baitute Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen aldeko omenaldi batean.

Ekitaldia Udaletxearen aurrean egin dute, Alderdi Ederren biktimen omenez jarritako monolitoan. Bertan, Bilduren, PSE-EEren, EAJren eta PPren zinegotziek lore bana utzi dute. Juan Karlos Izagirre alkateak txalotu egin du "akordio minimoa" lortu izana "biktima guztiak omentzeko". "Herritarrek eskatu eta eskertu egiten dituzte keinu mota hauek", gaineratu du.

PPk ostiralera arte ez zuen ekitaldian parte hartuko zuela iragarri. Gaur, zehazki “terrorismoaren biktimen” omenezko lore-sorta bat ere utzi du. Ramon Gomez PPren bozeramaileak azaldu duenez, "PPk egun honetan gogoratzen duena argi gelditzeko".

Ekitaldira tankera askotako biktimak joan dira, hala nola ETArenak (Gorka Landaburu kazetaria eta Amaia Guridi, Santiago Oleaga zenaren alarguna) eta Poliziarenak (Maria Isabel Gonzalez, guardia zibil batek 1976an hildako Alberto Soliño musikariaren alarguna).

Ernesto Gasco sozialistak, bestalde, bere alderdiak "adostasuna lortzeko eta oraindik ere dauden tirabirak kentzeko egindako esfortzu handia" azaldu du.

EAJk ez du adierazpenik egin.

Senarra ETAk Donostian hil zuen azken biktima (2001eko, maiatzean) izan zela gogoratu du Amaia Guridik eta alderdien adostasunaren eta "aurrerapausoak" ematearen alde dagoela esan du.

Maria Isabel Gonzalezek ere adostasun hori txalotu du eta Eusko Jaurlaritzari indarkeriaren politikoaren lehen biktimak onartzea eskertu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea