Politika -
Osoko bilkura
Urkulluk igandean iragarriko ditu bere Gobernua osatuko duten izenak
Urkullu lehendakari izendatzeko bilkura bihar hasiko da goizeko 9:30etan, Legebiltzarrean. Laura Mintegik bere hautagaitza aurkeztuko du baina ez du hurrengo Jaurlaritza gobernatzeko aukerarik izango.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakari izendatzeko osoko bilkura bihar hasiko da, goizeko 9:30etan, Eusko Legebiltzarrean. Laura Mintegi EH Bilduko ordezkariak bere hautagaitza aurkeztuko du, baina ez du hurrengo Jaurlaritza gobernatzeko aukerarik izango.
Hala ere, Urkulluk ez du biharko saioan gehiango absolutua lortuko (38), bere taldeko 27 ordezkariek bakarrik babestuko dutelako. Ondorioz, ostegunean izendatuko du Legebiltzarrak Urkullu, gehiengo sinplea lortuta. Patxi Lopez PSEko lehendakariaren tokia hartuko du Urkulluk.
Osoko bilkura
Inbestiduraren lehendabiziko bilkuran, hautagaitza aurkeztu duten lehendakarigaiek 90 minutuko agerraldia egiteko eskubidea izango dute, euren gobernu-programa azaltzeko. Mintegik hitz egin du saioaren hasieran, eta, ondoren, Urkulluren txanda izango da. Ondoren talde guztiek erantzuteko tarte bat izango dute eta azkenik bozketa egingo dute.
Lehendabiziko bozketan honetan lehendakari izendatzeko gehiengo absolutua (38 boto) lortzea ezinbestekoa da. Bi hautagaitza aurkeztuko dira: alde batetik, Iñigo Urkullurena, eta bestetik, Laura Mintegirena. Bietako batek ere ez omen du gehiengo absoluturik izango eta, ondorioz, biharamunean bigarren bozketa bat egingo dute.
Bigarren bozketa horretan gehiengo sinplea nahikoa izango da lehendakari izendatzeko. Horrenbestez, abenduaren 13ko saioan aukeratuko dute Iñigo Urkullu lehendakari, EAJko 27 legebiltzarkideen botoen babesarekin.
Gai nagusiak
EAJko iturriek jakinarazi dutenez, Urkulluk hiru gai nagusi jorratuko ditu bere hitzaldian: krisiari aurre egiteko neurriak, bakegintza, normalizazioa eta elkarbizitza eta Euskadirentzat estatutu politiko berri baten inguruko proposamenak.
Bestalde, egoera sozioekonomikoa izango da Mintegiren hitzaldiaren oinarria. Hala ere, subiranotasuna eta eztabaida politikoa ere jorratuko ditu EH Bilduko hautagaiak.
Behin lehendakaria izendatuta dagoenean, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak izendapena Errege-Etxeari komunikatu egingo dio. Hurrengo urratsa, kargu-hartzea izango da, aste honetako larunbatean, Gernikako Batzar Nagusietan. Igandean, hilak 16, Urkulluk bere Gobernua osatuko duten izenak iragarriko ditu, ohar baten bidez.
EITBk zuzeneko jarraipena egingo du
eitb.com-ek zuzeneko jarraipena egingo du bihar eta etzi.