Politika -
Osoko bilkura
Urkulluren eta Mintegiren proiektuak, aurrez aurre Legebiltzarrean
EAJko buruak enpleguaren arazoari aurre egiteko ''akordio zabalak'' eskatuko ditu, eta Mintegik, berriz, ''erabateko subiranotasuna''. Saioak ostegunean jarraituko du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakari izendatzeko osoko bilkura gaur hasiko da, goizeko 9:30etan, Eusko Legebiltzarrean. Laura Mintegi EH Bilduko ordezkariak ere bere hautagaitza aurkeztuko du, baina ez du hurrengo Jaurlaritza gobernatzeko aukerarik izango.
Hala ere, Urkulluk ez du gaurko saioan gehiango absolutua lortuko (38), bere taldeko 27 ordezkariek bakarrik babestuko dutelako. Ondorioz, ostegunean izendatuko du Legebiltzarrak Urkullu, gehiengo sinplea lortuta. Patxi Lopez PSEko lehendakariaren tokia hartuko du.
Hurrengo lehendakariaren proposamenakGaurko saioan, Urkulluk ''akordio zabalak'' eskatuko ditu enpleguaren arazoari aurre egin eta ekonomia berpizteko. Halaber, ''autogobernua indartuko duen'' estatus politiko berri batera iristeko ahalik eta itun integratzaileena egitea proposatuko du, EAJko iturriek jakitera eman dutenez.
Jaurlaritza eta erakunde publikoak ''argaltzea'' mahai gainean jarriko du Urkulluk, eta zerbitzu publikoak mantentzearen beharra azpimarratuko du.
Bere hitzaldian, gainera, bakea eta elkarbizitza lortzeko akordioaren ''beharra'' azpimarratuko du.
Mintegiren alternatiba
EAJko burua Laura Mintegi EH Bilduko ordezkariaren hitzaldiaren ondoren arituko da. Mintegik ere hautagaitza aurkeztu du, baina, aurreikuspenen arabera, ez du aukerarik lehendakaria izateko. Edonola ere, EH Bildu EAJren alternatiba izan daitekeela agerrarazi nahi du Mintegik Legebiltzarrean.
Urkulluk bezala, 90 minutuz hitz egiteko aukera izango du, eta EAJk proposatutako estatus politiko berria gainditu eta ''erabateko subiranotasuna'' defendatuko du. Bakegintzari eta normalizazio politikoari dagokionez, Mintegik baztertu egingo du zenbait alderdik ''kontakizun bakarra'' egiteko agertu duten asmoa.
''Herri honetan sufrimendua jasan duten pertsona eta talde guztiak biltzearen aldeko'' apustua egingo du Mintegik, eta ''bakearen alde lan egiten duten foro guztietan'' egoteko asmoa agertuko du.
Gainontzeko taldeak, arratsaldez
Mintegiren eta Urkulluren hitzaldien ostean, saioa eten egingo dute. 14:30ean abiatu dute berriz ere, eta UPyD, PP eta PSE-EE alderdien txanda izango da orduan.Bozketa
Lehendabiziko bozketa honetan lehendakari izendatzeko gehiengo absolutua (38 boto) lortzea ezinbestekoa da. Gaurko saioan bietako batek ere ez omen du gehiengo absoluturik izango eta, ondorioz, biharamunean bigarren bozketa bat egingo dute. Bigarren horretan gehiengo sinplea nahikoa izango da lehendakari izendatzeko. Horrenbestez, abenduaren 13ko saioan aukeratuko dute Iñigo Urkullu lehendakari, EAJko 27 legebiltzarkideen botoen babesarekin.
Behin lehendakaria izendatuta dagoenean, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak izendapena Errege-Etxeari komunikatuko dio.
Kargu-hartzea
Hurrengo urratsa, kargu-hartzea izango da, aste honetako larunbatean, Gernikako Batzar Nagusietan. Igandean, hilak 16, Urkulluk bere Gobernua osatuko duten izenak iragarriko ditu, ohar baten bidez.
EITBk zuzeneko jarraipena egingo du
eitb.com-ek zuzeneko jarraipena egingo du bihar eta etzi.