Politika -
Inbestidura saioa
Zalantzak ez argitzea egotzi dio Basagoitik Urkulluri
Halaber, ETA gaitzestea, gatazkarik ez asmatzea eta Konstituzioa eta Estatutua errespetatzea eskatu dio Mintegiri.
Erredakzioa
Politika jardun serio eta zorrotza egiteko garaia da, Antonio Basagoiti Euskadiko PPko buruaren hitzetan, eta Eusko Jaurlaritza berriak erabakiak hartzeko gaitasuna eta ausardia erakutsi behar dituela uste du.
Basagoitiren ustez, Euskadin erabaki ekonomikoak hartzeko legegintzaldia izan behar da hau, baina goizean egindako hitzaldian ''zalantzak argitu ez izana eta konfiantza piztu ez izana'' egotzi dio Urkulluri.
Maila ekonomikoan neurririk zehaztu ez izana kritikatu du Basagoitik, eta maila politikoan ere ''meloia zabalik'' utzi izana egotzi dio.
Hala, legegintzaldia lasaitasunez jorratzeko deialdia egin dio EAJri. Ildo horretan, PPko buruak aurreratu du lehendakariaren alboan izango direla lehentasuna euskal herritarren arazo ekonomikoak baldin badira. Hala ez bada, akordiorik lortzeko aukerarik egongo ez dela ohartarazi du.
Mintegik goizean egindako hitzaldiaz ere aritu da Basagoiti, eta ''erantzun bakarra'' eman dio EH Bilduren ordezkariari: ''Gaitzetsi ETA eta haren atentatuak, ez nahastu biktimak eta zigortzaileak, ez asmatu gatazkarik eta errespetatu Konstituzioa eta Estatutua''.
Halaber, gai honen inguruan jarrera argia azaltzea eskatu dio Eusko Legebiltzar berriari.