Politika -
Auzitegi Nazionala
'Gara'ko zuzendaria inputatu dute, ustez terrorismoa goratzeagatik
Abuztuan Bilboko Zazpikaleetako bizilagun batzuek Maite Perez Sever ETAko kide ohiari buruz idatzitako artikulu bat egunkarian argitaratzea egotzi dio Eloy Velasco kasuko epaileak.
Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendariak inputatu gisa deklaratu du asteazken honetan Auzitegi Nazionalean, terrorismoa goratzea egotzita.
Iritzi artikulu bat argitaratzeagatik auzipetu du Eloy Velasco epaileak. Testu hori abuztuaren 15eko egunkarian argitaratu zuten, eta Bilboko Zazpikaleetako bizilagun batzuek Maite Perez Sever ETAko kide ohiari buruz idatzitakoa zen. Epailearen arabera, idatzi horretan terrorismoari gorazarre egiten zitzaion.
Perez Sever duela 25 urte hil zen, lehergailu batzuk prestatzen ari zela. Urteurrenaren harira idatzi zuten egileek testua. Iritzi artikuluaren amaieran hau irakur zitekeen: ''Maite zaitugu''.
Iñaki Sotok epailearen aurrean adierazi duenez, ez zuen iritzi artikulua irakurri argitaratu aurretik. Eduki guztiak kontrolatzea ezinezkoa zaiola gaineratu du. Garako zuzendaria aske geratu da deklaratu ostean, eta epaileak ez du haren aurkako behin-behineko neurririk hartu.
Idatzia sinatu zuten sei lagunak ere inputatuta daude auzi berean. Inputatuetako bat adingabea da, eta Jose Luis Castro epailearen ardurapean gelditu da.
Abokatua alboan zuela agertu da Auzitegi Nazionalera Iñaki Soto, idazkari judizialak sinatutako oharrean eskatu bezala. Halaber, hitzordura agertzeko obligazioa zuela zioen oharrak.
Adierazpenak Twitterreko bere kontuan
Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean, Twitterreko bere kontuan hainbat txio idatzi ditu. Iñaki Sotoren ustez, auziak ez dauka "zentzu juridikorik", eta bere eginbeharra "iritzi askatasuna bermatzea da, ez epaitzea". "Nire iritziz gutun horrek maitasunaz dihardu. Eraso gisa hartzen dutenak gorrototik hitz egiten ari dira. Gorrotoan oinarritutako justizia ez da justizia". Adierazpen horien ostean, lanean jarraitzeko deia egin du:
Euskal PEN Klubaren oharra
Euskal PEN Klubak gogor salatu du Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendaria Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu izana. Gaiaren harira, ohar bat kaleratu dute, eta Eloy Velasco epailearen zitazioan Iñaki Sotori leporatzen zaizkion ekintzak zein diren ez zehaztea salatu dute. Klubaren arabera, "opakotasuna" gehitu zaio adierazpen askatasunaren aurkako erasoari.
"Behin eta berriro agertu dugu adierazpena ez dela inondik inora delitua. Horrela izan ohi da bederen estatu demokratikoetan", gaineratu dute. Klubaren iritziz, Iñaki Sotoren aurkako salaketa Euskal Herriak bizi duen egoera itxaropentsuaren aurkako erasoa da. Bestalde, adierazpen askatasuna jazarri nahi dutenen aurrean irmotasuna erakutsiko dutela adierazi dute.