Politika -

Independentzia

Urkullu: 'Euskadik eta Kataluniak errealitate ezberdinak bizi dituzte'

Lehendakariak iragarri duenez, estatu politikoaren proposamen berriaz hitz egingo du Mariano Rajoyrekin, hurrengo bileran.

Iñigo Urkullu Radio Euskadin. Argazkia: EITB
Iñigo Urkullu Radio Euskadin. Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren iritziz, Euskadi eta Katalunia ez daude egoera berean, eta bi herrialdeen errealitatea ezberdina da. EAJko buruak Kataluniako egoera izan du hizpide, CiU eta ERC alderdiek Katalunian 2014. urtean independentziari buruzko erreferenduma egiteko lortu duten akordioaren harira.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Kataluniako erabakiak errespetatzen dituela adierazi du. Halaber, azken urteetan Euskadin autodeterminazioarekin lotutako hainbat proposamen egin direla adierazi du, "Ibarretxe Plana" esaterako.

EAJk estatus politiko berri bat proposatzeko asmoa du, Urkulluren arabera. Gainera, alderdiaren asmoa alderdi guztiek onartutako proposamena aurrera ateratzea omen da.

Laster bilera egingo dute Iñigo Urkulluk eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteak, eta lehendakariak jakinarazi duenez, estatus politiko berriari buruz hitz egingo du Rajoyrekin.

Bilera horretan, beste hainbat gai jorratu nahi ditu lehendakariak: ekonomia suspertzeko neurriak, eskumenak eta bakea, besteak beste.

Indarkeriaren amaiera ere hizpide izan du lehendakariak, eta ETArekin hitz egitearen alde agertu da. Hala ere, “zuhurtzia” eskatu du Urkulluk, eta “elkarrizketak isilean egin behar dira, guztia ondo itxita egon arte”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea