Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
EAEn aurrekontuak onartzeko zailtasunak izango direla esan du Tejeriak
Alderdi politikoen artean 'borondatea' badago aurrekontuak aurrera aterako dituztela uste du. Hala ere, 'zailtasunak' izango direla onartu du.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak adierazi duenez, “zailtasunak” izango dituzte Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak aurrera ateratzeko, baina "inork ez du esan erraza izango zenik". Hala ere, benetan "borondatea badago", onartu egingo dituztela uste du.
Euskadi Irratiko elkarrizketa batean, gaurkotasun politikoko gaiak izan ditu hizpide. Orain, erakunde guztiak 2013ko aurrekontuak aurrera atera nahian dabiltzan honetan, Eusko Jaurlaritzak arazoak izango dituen galdetu diote. Tejeriaren hitzetan, bidean zailtasunak izango dituzte, baina, “borondatea baldin badago”, horiek onartzeko akordioak lortuko dituztelakoan dago. Akordiorik ezean, 2012ko aurrekontuak luzatu egin beharko direla adierazi du, hala ere, "ez da egokiena", gaineratu du.
Eusko legebiltzarreko presidentea "Albiste Faktoria" saioan izan da.Bakartxo Tejeriak aintzat hartu ditu bakearen alde Legebiltzarretik kanpora izan diren ekimenak, baina erabakiak hartzeko gunea Legebiltzarra dela adierazi du.
Fiskalitateaz ere hitz egin du Bakartxo Tejeriak: “Erreforma fiskala egin behar bada, onerako bada, egin behar da”. Halaber, fiskalitatearen gainean alderdiek dituzten proposamenak eskumena duten erakundeetara eraman behar dira, jeltzalearen arabera. "OCT erakundean hartu behar dira erabaki horiek".
Erabakitzeko eskubideaz galdetuta, herri honen eskubidea dela uste du Bakartxo Tejeriak. Herriari zer nahi duen galdetzearen alde agertu da, eta “emaitzaren arabera ikusi beharko da hori nola egikaritu”.
Kataluniako galdeketaren harira, argi hitz egin du jeltzaleak: “Bi errealitate dira: eurek euren bidea daramate, eta guk gurea”. Bi errealitate ezberdin izanagatik ere, “konpondu beharrekoak dira biak”, gaineratu du.