Politika -
Oposizioko liderra
Mintegi: 'EAJn independentziaren aldeko sena nagusitzea espero dut'
"Demokrazian ez zaio herri-galdeketa bati beldurrik izan behar, eta, batez ere, ezin da horren aurka mehatxu militarra erabili, Katalunian gertatzen ari den bezala", salatu du EH Bilduko ordezkariak.
Erredakzioa
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak " 'EAJn independentziaren aldeko sena nagusitzea" espero du, legegintzaldi honetan bi alderdiek bidea batera egin ahal izateko euskal herritarren "erabakitzeko eskubidea" errealitate bilakatzeko asmoz.
"Aurrera egin dezakegula uste dut, gehiengo nazionalista dagoelako eta gizartearen nahia argia delako", esan du Mintegik. Ildo honetan, "politikariak eskaera horren mailan egotea" espero duela esan du, "bi alderdien ideietan dagoelako".
Hala ere, EAJk beti "historia anbiguoa" izan duela uste du, "bi arima" dituelako: "bata independentziaren aldekoa, eta alderdiari botoa ematen dion gehiengoa horren aldekoa da gainera; bestea, erosotasunaren aldekoa, Espainiaren barne eroso sentitzen baitira".
EH Bilduk independentziaren aldeko asmo garbia duela azpimarratu du, eta "epeak eta moduak" ez dakizkien arren, EAJ bide lagun izan nahi dutela esan du, "herrialde honetan erreferentzia direlako".
Galdeketa
Egoera horri aurre egiteko, EAJri ausarta izateko eskatu dio, "pauso bat gehiago emateko eta herritarrei galdeketa egiteko". "Ezin zaio demokraziari beldurrik izan behar, eta batez ere, ezin zaio horri erantzun militar batekin mehatxu egin, Katalunian egiten ari diren bezala", esan du Mintegik.
2013ko Aurrekontuak
EAJren aurrekontuak babesteko zein baldintza bete behar diren galdetuta, "norabide aldaketa" behar dela esan du Mintegik, "politika neoliberalek sortu baitute egoera hau eta horrek eragin baitu 125.000 euskaldunek oinarrizko beharrak asetu ahal ez izatea".
Defizit publikoa gutxitzeak ezin du lehentasuna izan Mintegiren iritziz, "bankuek utzi duten zuloa estaltzeko baino ez baitu balio", esan du.