Politika -
Istiluak Anoetan
ESAIT: 'Istiluek kalte egiten diote ofizialtasunaren aldarrikapenari'
"Bengalak eta petardoak jaurti zituzten jarraitzaileak" eta "arazoak konpondu beharrean, gehiago sortu zituzten ertzainak" kritikatu ditu Esaitek.
Erredakzioa
ESAITeko ordezkarien hitzetan, Euskal Selekzioaren eta Boliviaren arteko partidan istiluak sortu zituzten jarraitzaileen jarrera "arduragabea" izan zen, eta ez dio inolako mesederik egiten ofizialtasunaren helburuari.
ESAITek agerraldia egin du Bilbon, Anoetan izan ziren istiluen inguruan iritzia emateko. Istilu horietan, 14 ertzain zauritu ziren, eta bi lagun atxilotu zituzten, horietako bat 15 urteko mutil bat.
Bengalak eta petardoak jaurti zituzten jarraitzaileen jokabidea "onartezina" dela esan dute, "gainerako ikusleak nahiz jokalariak arriskuan jarri zirelako". Ildo horretan, jarrera horrek izan dituen ondorioengan hausnarketa egiteko eskatu die erantzuleei.
Bestalde, Ertzaintzaren jokabidea ere gogor kritikatu du Esaitek, "zaurituen eta kalte materialen kopurua ikusita, arazoak konpondu baino, gehiago sortu zituztelako".
"Ez dugu Ertzaintzak izan zuen jarrera ulertzen, ezta haien arduradunek emandako agindua ere; autokritika egiteaz gain, azalpenak eman beharko lituzkete eta horrelako jarrerarik berriro izango ez dutela bermatu", azaldu dute.
Gabonetako partidei buruzko gogoeta
Esaitek deitoratu egin du Anoetan izan ziren istiluen ondorioz, euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena ezkutuan geratu izana.
Ildo berean, Gabonetako partidaren gaineko hausnarketa sakona egitean proposatu du, "33 urte eta gero, ofizialtasunaren bidean urrats berririk eman ez delako, eredu hori agortuta dagoela agerian utzita".
"Tamalez, Gabonetako partida bera bilakatu da helburu eta dirua biltzeko baino ez da erabiltzen", kritikatu dute. Gainera, diru horretatik "euro bakar bat bera ere" ez dela ofizialtasunaren alde erabiltzen salatu dute.
Gauzak horrela, ofizialtasunaren alde "elkarlanean" aritzeko deia egin dio Esaitek Euskal Futbol Federazioari.