Politika -
Fiskaltzaren eskaera
77 urteko eskaera, Portugalen finkatzen saiatu ziren ETAko kideentzat
Guztira, 77 urteko espetxe-zigorra eskatu du Fiskaltzak Garikoitz Garcia, Iratxe Yañez eta Luis Maria Zengotitabengoa ETAko kideentzat, Portugalen armak eta lehergaiak sartzea egotzita.
Erredakzioa
2010ean Portugalen ETAko base bat sortzen saiatzea leporatuta, Garikoitz Garcia, Iratxe Yañez eta Luis Maria Cengotitabengoa ETAko kideentzat, guztira, 77 urteko kartzela-zigorra eskatu du Auzitegi Nazionaleko fiskalak.
Dokumentazio faltsua erabilita, Garikoitz Garciak furgoneta bat alokatu zuen Maçonen (Frantzia). Material ugari sartu zuen bertan, eta Iratxe Yañezek gidatutako bigarren ibilgailu batekin, Portugalera abiatu zen.
Portugalen atxilotuta
Bermillo de Sayagoko parean (Zamoran) Guardia Zibileko patruila batek susmoa hartu zien ibilgailuei (Frantziako matrikula zutelako). Ondorioz, gidaria identifikatu zuten. Garikoitzek agenteei eraso egin zien, eta agenteen autoa lapurtu zuen. Portugalera abiatu zen, eta bertan atxilotu zuten.
Bigarren ibilgailuaren gidaria, Iratxe Yañez, Portugalen ere atxilotu zuten, ordu batzuk beranduago. Auto honetan dokumentazio ugari aurkitu zuten, Luis Maria Zengotitabengoak emandako pasaporte faltsua barne. Hori dela eta, ETArekin kolaboratu izanagatik 5 urteko espetxe-zigorra ezarri diote Zengotitabengoari.
Iratxe Yañezentzat 23 urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskalak, erakunde terroristaren kidea izatea, dokumentu ofizialak faltsutzea, eta lehergaiak izatea eta eramatea leporatuta. Halaber, Garikoitz Garciari delitu berdinak, eta kalteak, lapurreta eta agenteari eraso egin izana egotzi dizkiote, ondorioz, Fiskaltzak 49 urteko kartzela-zigorrako eskaera egin du.