Politika -
Espetxe politika
Etxeratek 'komunikazio bideak' irekiko ditu ordezkari politikoekin
Gipuzkoako Aldundiak bat egin du larunbatean Bilbon presoen alde egitekoa den manifestazioarekin.
Erredakzioa
Etxerat ETAko eta ezker abertzaleko presoen senideen eta lagunen elkarteak "komunikazio bideak" irekiko ditu presoen egoera "aldatzeko gauza" diren ordezkari politikoekin, eta "konpromisoak betetzeko" eskatuko diete.
Sei presoren senideek agerraldia egin dute Bilbon, euren senideen egoera salatu eta espetxe politikaren balantzea egiteko. Besteak beste, Nagore Lopez de Luzuriaga (Gotzone Lopez de Luzuriaga presoaren iloba; gaixorik dago eta Parot doktrina ezarri diote) eta Asier Gogeaskoetxea (Eneko eta Ibon ETAko kideen anaia) izan dira bertan.
Etxeraten ordezkariek 600 preso "sakabanatuta" daudela, gaixorik dauden presoek kartzelatuta jarraitzen dutela eta 143 preso zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak beteta ere espetxean daudela salatu dute.
Halaber, Espainiako Gobernuari Europak Parot doktrinari buruz esandakoa ez betetzea eta Ines del Rio ez askatzea egotzi diote. "Gure senideei eta lagunei biziarteko espetxe zigorra ezartzen jarraitzen du", kritikatu dute.
Etxeratek gogorarazi du 13 preso "oso larri" daudela, eta Josu Uribetxebarria auziarekin Estatuak "sufrimendua" sortu nahi duela "erakutsi" zuela deitoratu du.
Garitanok, bat larunbateko martxarekin
Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak bat egin du larunbatean Bilbon presoen alde egitekoa den manifestazioarekin. Besteak beste, Martin Garitano ahaldun nagusia izango da martxan.
Iragarpena Garitanok berak egin du, Donostian, Herrira plataformaren (martxaren deitzailea) ordezkariak hartu eta gero.
Beñat Zarrabeitia Herrirako bozeramaileak "martxa erraldoia eta historikoa" izango dela iritzi dio, eta egungo espetxe politikari amaiera emateko baliagarri izango dela nabarmendu du.