Politika -
Legebiltzarra
EAJ: 'EITBko zuzendari berria profesional trebatua izan behar da'
EITBko hurrengo zuzendari nagusiak krisi ekonomikoari aurre egingo dion "profesional trebatua" izan beharko lukeela adierazi du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Erredakzioa
EITBko hurrengo zuzendari nagusiak krisi ekonomikoari aurre egingo dion "profesional trebatua" izan beharko lukeela adierazi du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Erkorekak nabarmendu du Eusko Legebiltzarrari dagokiola EITBko zuzendari nagusi berria aukeratzea.
Hala ere, Jaurlaritzaren iritziz hurrengo zuzendariak izan beharko lukeen profila azaldu du Erkorekak: 'Zuzendari berria alor horretan trebatutako profesionala izan behar da, ez bakarrik hedabideetan trebatutakoa, baita ikus-entzunezkoen munduan ere. Horrez gain, krisi ekonomikoari aurre egiteko kudeaketa egoki bat martxan jartzeko gai izan beharko luke".
Kudeatzaile on bat "ez da zergatik kazetaria izan behar", Erkorekaren iritziz. Informazio munduko profesionala izango ote den galdetu diote kazetariek, baina ez dio galdera horri erantzun.
Bestalde, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak esan du EITBko hurrengo zuzendari nagusiak "profesionala" izan beharko duela. "Ahalik eta objektiboena eta independenteena izan beharko luke", gaineratu du Pastorrek.
EAJrekin EITBko zuzendaritza berriaz hitz egiteko bilerarik ez dutela egin gaineratu du ordezkari sozialistak.
Jaurlaritzak EITBko zuzendari nagusi berria proposatu beharko du, baina Legebiltzarrak babesa eman beharko dio. EAJk ez du bere proposamena onartzeko boto nahikorik, eta, ondorioz, beste talde baten babesa lortu beharko du.
Hala ere, hurrengo zuzendari nagusiak "egungo zuzendariaren profil bera" izan beharko luke, horren ustez; "hau da, profesionala izan behar du, eta, ahalik eta objektiboena eta independenteena, zerbitzu publikoaren defentsa eta aniztasuna berma ditzan".