Politika -
Barcenasen iskanbila
Cospedal: 'Errudunak egindakoa ordainduko du, egon lasai'
Rubalcabaren iritziz, Gobernuko eta PPko presidenteak berehalako agerraldi publikoa egin behar du, herritarrei "Alderdi Popularrean zer gertatzen ari den" azaltzeko.
Erredakzioa
"Errudunak egindakoa ordainduko du, egin zaitezte lasai". Hori da Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak Almeria bildutako PPko kideei esan diena. Cospedalek ez du bere hitzaldian Barcenas auzia aipatu, baina erreferentzia egin dio.
"Alderdi honetan garbitasunaren eta interes orokorren alde egiten dugu, eta horren kontra zeozer esateko duenak, bakoitzak bere gauzen ardura har dezala", gaineratu Cospedalek, PPko kargudunen gehiengoaren lana defendatu ostean.
Horrez gain, PPren Gobernuaren arabera, "legea guztientzako berdina dela" azpimarratu du, eta "epaitegietako prozedurek" bere bidea jarraituko dutela, inork oztopo egin barik.
Basagoiti: 'Batzuek zero eurogatik lan egin dute'
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak Euskadiko PPko kideen konpromisoa azpimarratu du, "ideia batzuk defendatzeko bizitza arriskuan jarri dutelako, zero euroren truke".
Egun "politikak hain ospe txarra" izanda, Euskadiko PPko kideek egindako lana goratu du, demokraziaren eta askatasunaren alde aritu zirelako, "doan".
Semper: 'Pausu bat gehiago eman behar da'
Borja Semper Gipuzkoako PPko presidentea ere Barcenasen auziaren inguruan aritu da eta ustelkeria kasuen aurrean "irmo" aritzeko eskatu die. Izan ere, Semperren hitzetan, bera eta bere alderdikideak ez dira urteetan "bizitza arriskuan" jartzen aritu "beste batzuk aberasteko".
Semperren hitzetan, PPk "beste pauso bat eman beharko luke", baina pauso hori zein izan beharko litzatekeen ez du zehaztu. Hala ere, argi dauka "mezu garbia eta zalantzarik gabekoa" bidali behar dutela, alderdiak "ustelkeria kasurik onartuko ez duela" azpimarratzeko.
Rubalcabak azalpenak exijitu ditu
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari azalpenak "berehala" emateko exijitu dio Alfredo Perez Rubalcaba sozialisten idazkari nagusiak. Rubalcabaren arabera, Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Suitzan dirutza izatea "oso larria da" eta azalpenak behar dira. Halaber, sozialisten buruak Cristobal Montoro Ogasun ministroaren dimisioa eskatu du.
Rubalcaba hedabideen aurrean agertu da "Ekonomia zabalaren bidean. 2020rako hazkunderako ideiak" txostenaren aurkezpenaren atarian. Sozialisten ordezkari nagusiak Luis Barcenaren auzia izan du hizpide. Barcenas Gürtel auzian inputatu dute eta Suitzan 22 milioi euro izan zituen kontu korronte batean, horietako 10, ustez, amnistia fiskalaren bitartez garbitu zituen.
Rubalcabaren arabera, Gobernuko eta PPko presidenteak "berehala" eman behar ditu gertatutakoaren inguruko azalpenak eta "Alderdi Popularrean gertatzen ari dena" kontatu. Cristobal Montorori dagokionez, ministroak dimisioa eman behar du "amnistia fiskalak" Barcenasek Suitzan zuen diruaren parte bat garbitzeko balio izan zuela frogatuz gero.