Politika -
CAN auzia
Goñi eta Kontuz Parlamentura joango dira CANen azalpenak ematera
Bestalde, Yolanda Barcina Nafarroako Foru erkidegoko presidenteak Caja Navarra finantza entitate gisa desagertzearen inguruko azalpenak emango ditu otsailaren 5ean.
Erredakzioa
Enrique Goñi Nafarroako Kutxako (CAN) zuzendari ohia eta Kontuz elkartea Nafarroako Parlamentura joango dira Caja Navarraren inguruko azalpenak ematera. Alderdi guztiek aho batez adostu dute Goñiren agerraldia. Kontuz elkartearena ordea, UPNren eta PPren kontrako bozekin onartu dute.
Yolanda Barcina presidenteak gainera, otsailaren 5ean hitz egingo du eta Caja Navarra Fundazioaren eta Caja Navarra finantza entitate gisa desagertzearen inguruko azalpenak emango ditu.
Enrique Goñiren eta Kontuz erabiltzaileen elkartearen agerraldien datak zehazteke daude, baina Parlamentuko bozeramaileen ustez, "logikoena" lehenengo elkarteak eta geroago Goñik hitz egitea da; izan ere, entitatearen kudeaketan ardura duenak azkena hitz egin beharko lukeela uste dute.
Komunikabideei irekitako saioak izango dira biak, baina Goñirena berezia izango da, bozeramaile guztien galderei erantzunak eman ahal izateko denbora gehiago emango baitiote horren agerraldiari. Kontuz elkartearen saioa, ordea, ohiko denbora mugarekin egingo da.