Politika -
37 eta 22 urteko espetxealdia
ETAko bi kide kondenatu dituzte Portugalen basea jartzen saiatzeagatik
Auzitegi Nazionalak 37 eta 22 urteko espetxe zigorrak ezarri dizkie 2010. urtean Portugalen base bat jartzen saiatzeagatik.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak 37 eta 22 urteko espetxe zigorra ezarri die Garikoitz Garcia Arrietari eta Iratxe Yañez Ortizi, 2010. urtean Portugalen ETAko base bat jartzen saiatzeagatik. Halaber, hirugarren akusatu bat absolbitu dute.
2010. urtean atxilotu zituzten Portugaleko mugatik gertu, armak, lehergailuak eta dokumentu faltsuak zeramatzatela. Guardia Zibilak Garcia Arrietak gidatzen zuen furgoneta bat gelditu zuen Bermillo de Sayazo herrian (Zamora).
Azken honek agenteak furgonetaren barrura bultza zituen eta horietako bati txorkatila bihurritu zion. Ondoren, Guardia Zibilaren furgonetan ihes egin zuen. Portugalerantz joan zen baina bertan atxilotu zuten.
Bestalde, Yañez Ortiz Frantziatik Portugalera joan zen operazioa babesteko asmoz, baina bertara iritsi zenean atxilotu zuten. Epaiketan, orain 10 urtetik ETAko kide dela onartu zuen.
Lehergailuak eramatea onartzeak, akusatuaren aitormenak eta euren jarrerak "ETArekin lotura eztabaidaezina" dutela frogatzen dute Auzitegi Nazionalarentzat.
Ildo honetan, "ETAren esanetara" zeudela frogatuta gelditu dela ondorioztatu du Auzitegiak.
Garcia Arrietari 9 urteko espetxe zigorra ezarri diote ETAko kide izateagatik, beste 10 urtekoa armak eta lehergailuak eramateagatik, 3koa dokumentuak faltsutzeagatik, 12 urte eta erdikoa lesioak eragindako atentatua egiteagatik eta beste 2 urte eta erdikoa ibilgailu bat lapurtzeagatik.
Gainera, 3.075 euro ordaindu beharko dizkio txorkatila bihurtu zion guardia zibilari.
Yañez Ortizi 9 urteko espetxe zigorra ezarri diote ETAko kide izateagatik, 10 urtekoa armak edukitzeagatik eta 3koa dokumentuak faltsutzeagatik.