Politika -

M-29ko greba eguneko istiluak

Artxibatu dute Xuban Nafarratek Ertzaintzaren aurka jarritako salaketa

Iazko martxoaren 29ko greba orokor egunean izandako istilu batzuetan Ertzaintzak pilotakada bat eman ziola salatu zuen gazteak.

Xuban Nafarrate zauritu zen unea. EITB
Xuban Nafarrate zauritu zen unea. EITB
Xuban Nafarrate zauritu zen unea

0:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Instrukzioko 2. zenbakiko epaitegiak artxibatu egin du Xuban Nafarrate-k Ertzaintzaren aurka aurkeztutako salaketa, eta, gainera, agenteei desobeditzea inputatu dio, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak iragarri duenez.

Hain zuzen ere, iazko martxoaren 29ko greba orokor egunean izandako istilu batzuetan Ertzaintzaren pilotakada bat jaso zuela salatu zuen gazteak. Nafarratek zauri larriak izan zituen, eta ospitaleratu behar izan zuten.

Nolanahi ere, Jaurlaritzak agiri batean azaldu duenez, epaileak ebatzi du gaztearen zauriak ez datozela bat pilotakada batek eragingo lituzkeenekin. Hori horrela, horren zaurien kausa Ertzaintzarengandik ihes egiten ari zenean erori izana izan litekeela argudiatu du.

Epaileak bi aldeen testigantzak eta frogak aztertu ditu, tartean Xuban Nafarratek berak aurkeztutako eta ustezko oldarraldia jasotzen duen bideo bat.

Bestalde, gaztearen aitak, Joseba Nafarratek, helegitea aurkeztuko dutela iragarri du, Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean.

"Tristura handia daukagu, baina berdin pentsatzen jarraitzen dugu, gertatutakoa pilotakada izan zela, eta berretsi egiten dut nire jarrera; puntu ilun asko daude, eta helegitea jartzera behartuta gaude", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea