Politika -

Elkarrizketa

Jimenez: 'Konfiantza nuen: Banca Civicaren akzioak erosi nituen'

PSNren idazkari nagusiak gogor kritikatu du Nafarroako Kutxaren kudeaketa "Bankiarekin edo Mediterranioko beste kutxa batzuetako praktikekin" alderatzea.

Roberto Jimenez PSNren idazkari nagusia. Argazkia: Efe
Roberto Jimenez PSNren idazkari nagusia.
Roberto Jimenez PSNren idazkari nagusia. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Roberto Jimenez PSNren idazkari nagusiak adierazi duenez, konfiantza zuen Nafarroako Aurrezki Kutxaren kudeaketan kutxa Banca Civica bihurtu zenean, izan ere, "akzioak erosi nituen, inozoa izango nintzateke gaizki atera behar dela jakinda dirua inbertituko banu".

Banca Civica bihurtzean balioa galduko zuela ba ote zekiten galdetu diote Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, eta buruzagi sozialistak erantzun du "konfiantza" zuela kutxaren kudeaketan, eta gauzak "ongi" egiten ari zirela uste zuela.

Horren harira, gogor kritikatu du Nafarroako Aurrezki Kutxaren auzia Bankiarenarekin edo Mediterranioko beste kutxa batzuenekin alderatzea: "Ez dut onartuko, ustelkeria dagoenean, ustelkeria dago, eta ez dagoenean, ez dago".

Ikerketa Batzordea

Nafarroako Probintzia-Auzitegiko 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak Kontuz! elkarteak Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiaren eta Enrique Goñi Caja Navarrako kontseilari-ordezkari ohiaren kontra jarritako prebarikazio salaketa onartu ostean ere, PSNren idazkari nagusiak ez du uste Parlamentuan ikerketa batzorde bat irekitzeko arrazoiak daudenik, izan ere, "kereila guztiak onartzen dituzte tramitera, idazten ez dakien batek jarriak ez badira".

"Ikerketa batzordea irekitzea arreta pertsona batzuengan jartzea izango litzateke. Delitua egin dela pentsatzeko zantzurik edo frogarik ez badago, ez dugu inor aurretik juzgatu nahi", azpimarratu du.

"Abertzaleen zarata"

Jimenezek salatu duenez, "euskal indar abertzaleak dira, ezker abertzalea batez ere" aurrezki kutxaren auzian "zarata handia" egiten ari direnak.

"Gertatzen dena gertatzen dela, abertzaleek gehiago nahiko dute, azken helburua Nafarroako kutxak euskal kutxekin bat-egitea baitzen", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea