Politika -
Herri ekimena
Autodeterminazioari buruzko galdeketa egin nahi dute Etxarri-Aranatzen
Gaurtik aurrera hiru hilabeteko epea dute 200 sinadura bildu eta ekimena Udalera eramateko.
Autodeterminazio eskubidearen gaineko herri galdeketa egin nahi dute Etxarri-Aranatzen (Nafarroa), eta horretarako lehen pausoa eman du 'Etxarri Aranatz 2012+1' plataformak, hala, ekimena erregistratu du Udalean.
Etxarri Aranatzeko herritarrei ondorengo galdera egin nahi die aipaturiko plataformak: "Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako estatu independente berri baten parte izatearekin?".
Herri plataformak prentsaurrekoa eskaini du ostiral honetan ekimenaren berri emateko. Azaldu dutenez, hiru hilabeteko epea dute 200 sinadura bildu eta ekimena Udalera eramateko, eta Udalbatzak gehiengoz onartzen badu, kontsulta egin ahal izango da. Dena dela, galdeketa egin aurretik Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako aginteen onespena behar da.
Otsailaren 2an hasiko dira ekimena aurrera eramateko beharrezkoak diren sinadurak biltzen. Kolektiboaren arabera, legezko herri galdeketa da, eta 27/2002 foru legean oinarritu dira hori esateko.
Ekimenaren sustatzaileen hitzetan, "Euskal Herriak eta Nafarroak beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute". "Nafarrek eta euskal herritar guztiek autodeterminazio eskubidea daukagu", gaineratu dute. Horregatik, eskaera argia egin diete Etxarri-Aranatzeko Udalari: autodeterminazio eskubidea ez urratzea eta herri galdeketa egitea.