Politika -
Arabarekin anexionatzeko
Burgosetik bereizteko izapideak abiatzeko asmoa iragarri du Trebiñuk
Bi hilabetean, osoko bileran akordio lortzea espero dute, eta ondoren Gaztela eta Leoni eta Euskadiri helaraztea. Prozesua abiatzeko pauso irmoa litzateke.
Erredakzioa
Burgosetik bereizi eta Arabarekin anexionatzeko izapideak abian jarriko dituela iragarri dio ostiral honetan Ignacio Portilla Trebiñuko alkateak Cesar Rico (PP) Burgoseko Diputazioko presidenteari.
Gaztela eta Leongo Autonomia Estatutuak biltzen duena kontuan hartuz jarriko dute abian prozedura, Trebiñuko alkateak azaldu duenez.
Hala, bi hilabetean, Udaleko osoko bilkuran akordio bat lortu, eta ondoren, akordio hori Gaztela eta Leongo eta Euskadiko gobernuei helaraztea dute helburu, derrigorrezko txostenak lortzeko. Prozesua abian jartzeko pauso irmoa litzateke hau.
Cesar Ricok, bestalde, alkatearen bisita eskertu du, baina Trebiñu Burgosetik banantzeko aukera ''zail'' ikusten duela aurreratu du. Ricok gogoratu duenez, Trebiñu Gaztela eta Leonen baitan egotea Estatutuan ''blindatuta'' dago, eta Auzitegi Konstituzionalak ere berretsi egin du.
Baldintzak
Gaztela eta Leongo Autonomia Estatuak udalerri bat bertatik banantzeko hainbat baldintza ezartzen ditu.
Hala, lehenengo eta behin, banandu nahi duten udalek ''banantze eskaera'' onartu behar dute, bi hereneko gehiengoarekin.
Halaber, eskualdeak eta erkidegoak berak udalerriaren eta bat egin nahi duen erkidegoaren arteko lotura kultural, historiko eta ekonomikoak biltzen dituen txosten baikorra egin behar dute.
Azkenik, gainera, banandu nahi duten udalerri edo eskualdeko herritarren baiezkoa behar da, bozketan, gehiengoz. Ondoren, Gorte Nagusietan ere onartu behar dute, Lege Organiko bidez.