Politika -

EITBko Zuzendaritza

Mikel Agirre proposatu du EAJk EITBko zuzendari berri gisa

Egun Esplotazio eta Ingeniaritza Zuzendaria da Agirre. Proposamena PSE-EEri eta EH Bilduri helarazi diete, baina, oraingoz, ez dute iritzirik eman. Edukien inguruko eztabaida egitea eskatu dute.

Mikel Agirre. Argazkia: EITB
Mikel Agirre. EITB
Mikel Agirre. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk Mikel Agirre proposatu du EITBko zuzendari berri gisa, alderdi jeltzaleak Efe agentziari baieztatu dionez. Hala, Alberto Surio ordezkatuko luke Agirrek EITBko Zuzendaritzan.

Proposamena dagoeneko helarazi diete PSE-EEri eta EH Bilduri, baina bi hauek ez dute, oraingoz, hautagaiaren inguruko baloraziorik egin. Hala ere, EITBren edukien, ideien eta helburuen inguruan eztabaidatzea eta negoziatzea eskatu diote EAJri.

Aurretik erantzukizun handiko hainbat kargu izan ditu Mikel Agirrek EITBn, bai EAJren bai Patxi Lopezen Jaurlaritzekin; izan ere, Alberto Suriok Esplotazio eta Ingeniaritza zuzendari gisa mantendu zuen kargura iritsi zenean, eta egun lan horretan jarraitzen du Agirrek.

Jose Antonio Pastor PSE-EEk Legebiltzarrean duen bozeramaileak ez du Agirreren inguruko baloraziorik egin nahi izan, horren ustez, kontua ez baita ''pertsonak baloratzea'', EITBren proiektu informatiboa, edukiak, ideiak eta helburuak aztertzea baino.

EH Bilduko iturriek baieztatu dute jeltzaleek beren hautagaiaren izena ''modu informal batean'' jakinarazi dietela, baina ez dute Agirreren balorazio publikorik egin horren profila sakon aztertu arte. Edonola ere, Agirreren izena zuzendari berriaren profila adostu baino lehen plazaratzea egotzi dio EH Bilduk EAJri.

PPk eta UPyDk ere nahiago izan dute Agirreren inguruko iritzik ez plazaratu, proposamenaren berri komunikabideen bitartez izan baitute.

Gehiengoa Eusko Legebiltzarrean

Oraingoz hautagaitza ez da ofiziala, Eusko Legebiltzarrak EITBko zuzendaria izendatzeko prozesua Jaurlaritzak (EAJren esku) abiatu behar baitu.

Orduan, gehiengoz onartu beharko du Legebiltzarrak hautagaia. EAJk 75 legebiltzarkideetatik 27 bakarrik ditu, eta, beraz, babesak bilatu beharko ditu bere hautagaia izendatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea