Politika -
EITBren zuzendari berria
EH Bilduk EITBn 'lagunak' jartzen saiatzea egotzi die EAJri eta PSEri
Koalizio abertzalea Mikel Agirre EAJk EITBko zuzendari kargurako proposatutako hautagaiarekin batzartuko da arratsaldean.
Erredakzioa
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea Mikel Agirre EAJk EITBko zuzendari kargurako proposatutako hautagaiarekin batzartuko da gaur arratsaldean.
Koalizio abertzaleak ez du erabaki oraingoz Agirreren hautagaitza babestu edo ez, baina PSE-EEk baiezkoa emango diola uste du.
Mintegik agerraldia egin du gaur goizean, Unai Urruzuno alderdikide eta Eusko Legebiltzarraren EITBren kontrolerako batzordeko presidentearekin.
Mikel Agirreren hautagaitza ez da ofiziala, baina EAJk dagoeneko helarazi die izena PSE-EEri eta EH Bilduri.
Legebiltzarkide abertzaleek salatu dutenez, EAJ EITBren hurrengo zuzendariari buruz hitz egiteko prest agertu zitzaien duela hilabete, baina oraindik ez dira batzartu.
Are gehiago, EH Bilduk hurrengo zuzendariaren profilak nolakoa izan behar duen igorri zien jeltzaileei, baina ez dute erantzunik jaso, betiere horien esanetan.
Halaber, EITBren ereduari buruz hitz egin gabe ere, balizko hautagaiez hitz egiten hasi izana deitoratu dute.
Mintegiren eta Urruzunoren esanetan, EAJk sozialistek EITBri emandako norabidea kritikatu zuen azken legegintzaldian, "baina orain PSErekin berarekin ari da kromoak trukatzen eta karguak banatzen norabide horri jarraikortasuna emateko".
"EAJk hautua egin du, gai hau PSErekin hitzartzea, eta hor ez dago ereduari buruzko gogoetarik; euren interesen araberako lagunak zuzendaritzan jartzen saiatzen ari dira bakarrik", ohartarazi dute.
EITBren zuzendari nagusia gehiengo osoz hautatu behar du Legebiltzarrak. Horrenbestez, EAJk PSEren edota EH Bilduren babesa lortu behar du.
Jaurlaritza: "Izendapena, aurki"
Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak iragarri duenez, EITBren zuzendariaren izendapena "ez da asko luzatuko", "aurki gauzatuko da".
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, oraindik ere proposamena Legebiltzarrera eramateko datarik ez dutela aitortu du Erkorekak.
"Buru-belarri laneari ari gara, erakunde publikoari egitura egonkorra emateko", azaldu du.