Politika -

Gürtel auzia

Gürteleko buruek amnistia fiskalari heldu zioten ikertuko du epaileak

Auzi horretan inputatuta dauden 21 lagun ikertuko ditu, tartean Francisco Correa. Barcenasen beste kontu bat atzeman dute Suitzan, eta horri esker heldu omen zitzaion amnistia fiskalari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gürtel auzian inputatuta dauden 21 lagunek, tartean Francisco Correak berak ere, amnistia fiskalari heldu ote zioten ikertuko du Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak.

2003tik aurrerako kontuen inguruan galdetzea eskatu dio Ogasun Ministerioari Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak, eta epaileak onartu egin du eskaera, kontuan izanda auzian inputatuta dagoen Alfonso Garcia Pozuelok (Constructora Hispanica etxeko buru ohiak) amnistiari heldu ziola aitortu zuela.

Hala, Gürtel auzian inputatuta dauden hainbat kideren informazioa eskatu du, tartean Francisco Correa eta Pablo Crespo ustezko ustelkeria tramaren buruen ingurukoa.

Besteak beste, honako hauen datuak ere eskatu dituzte: Alberto Lopez Viejo eta Alfonso Bosch Madrilgo diputatu ohiak, eta Jesus Sepilveda, Pozueloko alkate ohi eta Ana Mato ministroaren senar ohia. Epaileak hilaren 13rako deitu du Sepulveda, fiskalak eskatuta.

Barcenasen beste kontu bat atzeman dute Suitzan

Ruz epaileak deklaratzera deitu du Luis Barcenas PPko diruzain ohia, Suitzako kontuen berri eman dezan. Hilaren 25ean agertu beharko du epailearen aurrean Barcenasek.

Epaileak Barcenasen beste kontu bat atzeman du Suitzan. Kontu hori erabili omen zuen PPko diruzain ohiak amnistia fiskalari heldu eta 10,9 milioi euro legeztatzeko.

Ogasunak galarazi egin du Barcenasek amnistia fiskalari heltzea

Espainiako Zerga Agentziak galarazi egin dio Luis Barcenas PPren diruzain ohiari amnistia fiskalaz baliatzea, Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileari idatzi batean jakinarazi dionez. "[Horren] funtsak ez dira legeztatuak izan", nabarmendu du.

El Mundo egunkariak jakinarazi duenez, Ogasun Publikoak "iruzur" egitea egotzi dio Barcenasi, funtsen "benetako jatorria" ezkutatzen jarraitzen baitu. Izan ere, 2006. urtetik dauzkan hainbat funts 2008. urtean sortutako elkarte bati dagozkiola esan du Barcenasek.

Zerga Agentziak gogorarazi duenez, delitu bat inputatuta daukatenek ez dute erantzukizun penala saihesten bere zerga egoera legeztatuta ere.

Duela aste batzuk, Barcenasek amnistia fiskalaz baliatu zela esan zuen, baina Ogasunak ukatu egin zuen.

Joan den astean, PPren diruzain ohiak hainbat txosten aurkeztu zituen Auzitegi Nazionalean, amnistia fiskalari heldu ziola erakusteko.

Urtarrilean, Barcenasek Suitzan 22 milioi euro izan zituela jakin zen.

PPren ustezko ''B kontabilitatea''

Epaileak ez du, oraingoz, harremanik ikusi Suitzako kontu horien eta PPren ustezko ''B kontabilitatearen'' artean. Azken horren ikerketa Fiskaltzaren esku dago, eta bihar bertan horren inguruan deklaratzera deitu dute Barcenas.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea