Politika -
Elkarrizketa 'Azpimarra'n
Ugarteburu: 'Herri-hitzarmen bat lortu behar dugu burujabetzarako'
EH Bilduko legebiltzarkideak herri hitzarmenari forma eman behar zaiola nabarmendu du, “proiektu politikoari soilik dagozkion lehenetsi nahiak alde batera utziaz”.
Erredakzioa
Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak astearte honetan Azpimarra saioan esan duenez, "herri-hitzarmen zabal baten beharra dago", eta hitzarmen horri forma eman behar zaiola gaineratu du.
Helburu hori lortzeko, Ugartebururen ustez, alderdiek alde batera utzi behar dituzte kasu honetan alderdi bezala izan ditzaketen nahikeriak edo lehenetsi beharrak, proiektu politikoari soilik dagozkion lehenetsi nahiak, "eta herri bezala hitzarmen zabal bat lortu behar dugu, burujabetzarako", azpimarratu du.
Horren eskutik, burujabetzatik, erabaki ahal izateko "zein modutan antolatu nahi dugun gure bizimodua arlo guztietan". Eta hori izango da, hain justu, EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari plazaratuko diona, hark irekitako bilera-sortan.
Segurtasun-indarrak
Segurtasun-indarrak kanporatzea Gernikako Estatutuarekin lotzen duela iragarri du aste honetan Jaurlaritzak, eta Ugarteburuk "ongietorria" eman dio erabakiari.
"Estatuaren izenean hemen dauden indar armatu horiek alde egin behar dutela pentsatzen dugunak asko gara, eta ez ezker abertzalekoak bakarrik", azaldu du.
Halaber, iragarpen hori martxan jartzeko zehaztapenak eskatu ditu: "Ez du ezertarako balioko benetako pausoak ematen ez baditu". Hala eta guztiz ere, "kuriosoa" egin zaio orain, EAJ "itunez itun alderdi popularraren eskutik dabilen honetan", mezu honekin irtetea, "gauza guztietan popularrekin bat ez datozen irudia emateko, konfrontazio itxura emanez".
Bakegintza eta elkarbizitza
Bestalde, Ugarteburuk gatazka politikoari "aterabide bat marraztea" eskatu du, horretarako bi aldeak kontuan hartuz: "Biktima guztien konponketa eta presoen auzian konponbidea".
Bakegintzarekin batera, elkarbizitza itun baten eskaera ere egin du: "Eskubide guztiak guztiontzat", esan du. Eta eskubide horien artean, erabakitze eskubidea dagoela azpimarratu du.
Normalizazio politikoaren "korapiloak oraindik leku askotatik estu" daudela ere azaldu du. Kartzela-politikari dagokienez, estutzen doala presoen torlojua adierazi du, eta sakabanatuta dauden presoak duela 15 urte baino gehiago direla azaldu du, Etxeraten datuetan oinarrituz. "Luzatzera jokatzen ari da Estatua, eta ez du inolako eskaintza demokratikorik", kritikatu du.