Politika -
Barcenas auzia
Zerga Agentziako zuzendariaren hanka sartzea:'Ez dakit zer esan dudan'
Beatriz Vianak Barcenas auziaren inguruko galderak erantzun ditu, eta prentsaurrekoaren amaieran hitz horiek esan ditu, mikrofonoa piztuta zegoela konturatu gabe.
Beatriz Viana Espainiako Zerga Agentziako zuzendari orokorrak Barcenas auziaren inguruko galderei erantzun die ostegun honetan. Prentsaurrekoaren ostean hitz egiten jarraitu du, eta zer esan duen ez zekiela aitortu du. Mikrofonoa piztuta zegoen, eta areto guztian entzun dira bere hitzak.
"Ez dakit zer esan dudan. Orain, esan dudan edozein astakeria aterako didate", adierazi du Beatriz Vianak, mikrofonoak piztuta zeudela konturatu gabe. Libertad Digital atariak bideo honetan jaso du gertaturikoa.
Halaber, Beatriz Vianaren alboan eserita zegoen emakumeak mikrofonoak piztuta zeudela adierazi dio keinu bidez. Horrekin konturatu denean urduri jarri da.
Berehala, ekitaldiko arduradunetako bat gerturatu da bi emakumeengana lehenbailehen aretotik irten zitezen.