Politika -
Barcenas auzia
2008 eta 2011 bitarteko kontabilitate datuak argitaratu ditu PPk
Argitaratutako kontu horiek azken lau urteetakoak dira, Kontu-Auzitegiak oraindik ikuskatu ez dituenak, hain zuzen ere.
Alderdi Popularrak 2008 eta 2011 urte bitarteko kontabilitate datuak argitaratu ditu, ostiral honetan alderdiaren webgune ofizialean. Kontu horiek oraindik ez ditu Kontu-Auzitegiak ikuskatu.
Esteban Gonzalez Pons PPko Ikerketa eta Programa idazkariordeak gaur goizean iragarri du kontuak publiko egin dituztela. Horren hitzetan, "PP alderdi garbia, zintzoa, arduratsua eta gardena da".
PPko ordezkariaren arabera, gaur argitaratutako kontuek "argi uzten dute PPk ez duela aurrera ateratzeko ingeniaritza finantzarioaren beharrik".
Horren hitzetan, "Espainiako alderdi politikoen historian inoiz egin den gardentasun ariketa nabarmenena da". "PPren barruan dagoen guztia ikus daiteke orain: kontabilitate datuak eta ondarea", gaineratu du.
Azaldu duenez, alderdiaren nazio mailako kontabilitate datuak dira, hots, txosten horretan "PPk Espainia mailan dituen diru-sarrerak, egoitza guztien gastuak eta parlamentari guztien gaineko datuak ikus daitezke".
Bestalde, gainerako alderdiei euren kontabilitate datuak argitaratzeko eskatu die.
"Esan dezatela buruzagiek zenbat diru irabazten duten, lehen eta orain, beren diru-sarrerak zenbatekoak diren eta zenbatekoak izan diren iraganean, bankuekin krediturekin baduten eta ia noizbait bankuak zorren bat barkatu dien", gaineratu du. "Horrela bada" xehetasunak azaltzeko eskatu die: "Banku batek inoiz ez du zor bat barkatzen, zerbaiten truke ez bada".