Politika -
Bilera-sorta
Mintegi: 'Pertsonei bideratutako politikekin EAJk babesak izango ditu'
Asteartean Urkullu lehendakariarekin bildu aurretik, "Madriletik beharrean, Gasteiztik gehiago pentsatzeko" eskatuko diola aurreratu du Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak.
Erredakzioa
Pertsonei bideratutako politikekin, EAJ babesak aurkituko dituela adierazi du Laura Mintegik.
Asteartean bilduko da Mintegi Iñigo Urkullu lehendakariarekin, alderdi politikoekin egiten ari den bilera-sortan. Radio Euskadin adierazi duenez, entzuteko asmoz doa, baina baita proposatzeko gogoz ere. "Pertsonei bideratutako politiketan sinesten badu, babesak aurkituko ditu", adierazi du.
"Madriletik beharrean, Gasteiztik gehiago pentsatzeko eskatuko diot. Gainera, PPko politikekin bat egiteak kezkatzen dit, Bizkaian eta Araban akordioetara iristea, hain zuzen".
Gehien kezkatzen duena zer den galdetuta, pertsonak direla berretsi du Mintegik. "Egun, garrantzitsuena, pertsonak zaintzen dituen herrialdea izatea da", adierazi du. "Ezin da pertsonen ongizateari laguntzen ez dizkioten lehentasunik jarri".
Hori dela eta, Hezkuntzan murrizketak egitea "herrialdearen etorkizuna hipotekatzea da; Hezkuntzan eta Osasunean murrizten duzunean, aurreko mailara berriro iristeko gutxienez 10 urte behar dituzulako", esan du.
Ustelkeriaren inguruan, EH Bilduko bozeramaileak "gardentasun osoa" behar dela uste du, baina "ezin da dena politikarien esku utzi", zehaztu du. "Bakoitzaren gertuko politiketan parte hartu behar da", aldarrikatu du.
Azkenik, "gatazka politikoa" konpontzeko bidean aurrerapausoak emateko, alderdiak Eusko Legebiltzarrean eskatu duen osoko bilkura monografikoaz mintzatu da. Ildo honetan, irainik gabeko elkarrizketa izatea nahiko lukeela adierazi du. "Bakoitzak bere ikuspegia defenda dezala, baina irainik gabe", azpimarratu du.