Politika -

Kaleratzeen aurkako martxa

Madrilgo manifestazio batetik bota dituzte Talegon eta Lopez Aguilar

Gazteria Sozialistaren Nazioarteko Batasunaren idazkari nagusia eta Justizia ministro ohiari txistu egin diete kaleratzeen aurkako martxa batean. Poliziaren laguntza jaso dute bertatik alde egiteko.

Beatriz Talegon Gazteria Sozialistaren Nazioarteko Batasunaren idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Beatriz Talegon Gazteria Sozialistaren Nazioarteko Batasunaren idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Beatriz Talegon Gazteria Sozialistaren Nazioarteko Batasunaren idazkari nagusia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beatriz Talegon Gazteria Sozialistaren Nazioarteko Batasunaren idazkari nagusiari eta Juan Fernando Lopez Aguilar Justizia ministro ohiari txistu egin diete Madrilen larunbat honetan izandako kaleratzeen aurkako martxa batean. Bi sozialistek Poliziaren laguntza jaso behar izan dute bertatik alde egin ahal izateko.

Talegonek azaldu duenez, "pena eman dit manifestazioaren protagonista izatea, baina nik ez ditut manifestariak zirikatu". Sozialistei txistu egin dietenak "talde txikia" izan da.

'Iraindu egin gaituzte'

Talegonen arabera, 18:00ak aldera iritsi da manifestaziora, Colon plazara zihoazenean. "Jendea oso atsegina izan da nirekin", azpimarratu du. Ondoren, PSOEk kaleratzeen aurkako herri-ekimena babestuko ote duen galdetu diote. "Ezin diot horri erantzun", esan du gazte sozialistak, "ez naiz galdera hori erantzuteko pertsona egokia". Orduan, "hainbat lagunek osatutako talde txiki bat txistu egiten hasi da, eta iraindu gaituzte".

"Hala ere, hainbat lagunak ere gu babesten saiatu dira", aitortu du Talegonek, "gu ez geunden inor iraintzen". "Oso esperientzia tristea izan da", deitoratu du beranduago, "'ez da heroi izateko unea', esan dit Poliziak". Ondorioz, Poliziak lagunduta, "bertatik alde egin behar izan dut, negar eginda".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea