Politika -
Estatus politiko berria
Erkoreka: 'Autogobernuari buruzko eztabaidari heltzeko garaia da'
Herritar guztien eskubideak bermatzeko, doako justizia arautzen duen legea aldatuko du Eusko Jaurlaritzak.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Herri Administrazioa eta Justizia sailburuak esan duenez, Eusko Legebiltzarrak autogobernuari buruzko eztabaidari heldu behar dio berriro, horretarako garai "aproposa" dela argudiatuta. Bestalde, Erkorekak iragarri du doako justiziarako eskubidea bermatzeko, hori arautzen duen legea aldatuko duela Eusko Jaurlaritzak.
Erkorekak agerraldia egin du asteazken honetan bere sailaren ildo nagusiak azaltzeko.
Gernikako Estatutua eraberritzeko eta estatus politiko berri baterantz abiatzeko garaia iritsi dela esan du Josu Erkorekak. Horren ustez, "ez dago eztabaida hori saihesten jarraitzeko arrazoirik". Ez da logikoa Katalunian eztabaida hori puri-purian egotea eta Euskadin isilean egotea, Erkorekaren arabera.
Eusko Legebiltzarrak eztabaida horri heldu bitartean, falta diren eskumenak eskatuko dituztela aldarrikatu du: espetxeen gaineko eskumena, gizarte segurantzarena eta aireportuen eta trenbideen kudeaketari buruzkoa.
Herri Administrazioa eta Justizia Sailaren ildo nagusiak
Kolektibo ahulenen doako justiziarako eskubidea bermatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta hori arautzen duen dekretua aldatuko du horretarako.
Josu Erkorekak EAEko sektore publikoaren lege berria ere iragarri du. Halaber, beste hainbat konpromiso hartu ditu: bitartekaritza zerbitzua sendotzea, IV. Gazte Justizia Plana egitea eta EAEko Udal Legea osatzea.