Politika -
Operazioa
ETAko ustezko bi kide atxilotu dituzte Frantzian
Atxiloketa Moulinsen izan da, Frantzia erdialdean, Barne Ministerioak baieztatu duenez.
Erredakzioa
Frantziako Poliziak ETAko ustezko bi kide atxilotu ditu gaur Moulinsen (Frantzia), Espainiako Barne Ministerioak baieztatu duenez.
Ministerioak berak konfirmatu egin du atxilotuetako bat Oier Ibarguren Sarasola dela, Segiko kidea. Ibarguren terrorista bilatuenen zerrendan zegoen, 2011ko ekainetik. Barne Ministerioaren webgunearen arabera, Montxo Arkaiz Varea da bigarren atxilotua. Hau ere Segirekin lotzen du Ministerioak.
Gobernuaren arabera, atxilotuak lapurtutako ibilgailu batean zihoazen eta Moulinseko hotel batean atzeman dituzte. Atxilotuetako batek arma bat zeraman, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak emandako datuen arabera.
Atxiloketak eguerdiko 12:00etan egin dituzte, Moulinsen, Frantzia erdialdean. Frantziako Polizia eta Espainiako Polizia elkarlanean aritu dira operazio horretan, Barne Ministerioak jakinarazi duenez.
Fernandez Diazek azpimarratu duenez, Gobernuak ETAren aurkako borroka mantenduko du.