Politika -
Logroñoko kartzela aurrean
'Lortu duten gauza bakarra Otegiren irudia indartzea izan da'
Otegiren eta 'Bateragune Auzian' auziperatuta dauden beste lau pertsonen aldeko plataformak protesta ekitaldi bat antolatu Logroñoko kartzela aurrean.
Erredakzioa
300 pertsona inguruk elkarretaratzea egin dute Logroñoko kartzela aurrean Arnaldo Otegi eta 'Bateragune Auziagatik' kartzelaratu dituzten beste lau buruzagi politikoen askatasuna eskatzeko helburuarekin.
Otegiren eta 'Bateragune Auzian' auziperatuta dauden beste lau pertsonen familiek eta lagunek osatzen duten plataformak antolatu du ekitaldia, eta bertan Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Patxi Zabaleta Aralareko koordinatzaile orokorrak, Oskar Matute Bilduko parlamentariak eta Tasio Erkizia Herri Batasunako kide historikoak parte hartu dute, beste askoren artean.
Ekitaldira Hasier Arraiz Sortuko presidentea, Pernando barrena alderdi horretako bozeramailea eta Kontseilu Nazionaleko Rufi Etxeberria eta Josefa Permach ere hurbildu dira.
Ekitaldia, zelaigune batean
Otegiz gain, Bateragune Auzian Miren Zabaleta (Patxi Zabaletaren alaba), Sonia Jacinto, Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia eta Arkaitz Rodríguez daude auziperatuta.
Bertaratutakoak, euskal preso politikoak Euskal Herrira hurbiltzeko lemak dituzten banderak eskuetan, kartzela aurrean dagoen zelaigune batean elkartu dira.
"Akats bat da"
Kazetariei eginiko adierazpenetan, bost kondenatuak "isilpean eta politikan soilik lan egiteagatik" kondenatu dituztela salatu du Asier Zengotita plataformako bozeramaileak, "urte luzez izan den arazo bati bukaera duin bat bilatzen aritu baitira", gaineratu du Zengotitak.
Bere ustez, "akats larri bat da" Otegi kartzelaratu izana, "lortu duten gauza bakarra Otegiren irudia indartzea izan baita".