Politika -
Hezkuntzaren erreforma
Euskadiren berezitasuna 'babestu' nahi du Uriartek
Hezkuntzaren erreforma atzera botatzeko eskatzea "alferrikakoa" dela uste du sailburuak, eta Rajoyren Gobernuarekin aldebiko elkarrizketa lortzen saiatuko dela adierazi du.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak bultzatutako hezkuntzaren erreformarekin "bat ez" datorrela errepikatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, eta Euskadiko hezkuntza sistemaren eta hizkuntzaren berezitasuna "babesteko" Hezkuntza Ministerioarekin "aldebiko elkarrizketa" bilatzen saiatuko dela ziurtatu du.
Hezkuntzaren erreforma atzera botatzeko eskatzea "alferrikakoa" dela uste du sailburuak, eta EAEren eskumenak "mantentzeko" Rajoyren Gobernuarekin aldebiko elkarrizketa lortzen saiatuko dela adierazi du.
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko talde politikoek, EAJ eta PP kenduta, Espainiako Gobernuari erreforma atzera botatzeko eskatzea nahi dute, "eskumenak urratzen" dituelako eta hezkuntza arloan "atzerapauso bat" delako.
Wertek "ez du atzera egingo"
EH Bilduk sailburuaren agerraldia eskatu du. Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak "ez du legea atzera botako", ondorioz, bertan behera uzteko eskatzea "alferrikakoa" da, sailburuaren hitzetan. Rajoyren Exekutiboak Kongresuan gehiengo absolutua duela gogorarazi du Uriartek.
"Horrela ez goaz inora", argudiatu du agintariak. Horregatik, legearen aurka egiteko Legebiltzarreko eztabaidaren eta aldebiko bileren aldeko apustua egin du Uriartek.
Erreforma "neurri inbaditzailea" dela azaldu du Uriartek agerraldian. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak "hizkuntza arloko eskumenei uko egingo ez" diela ziurtatu du sailburuak, "horretarako argudio pedagokikorik ez dagoenean".