Politika -
Elkarrizketa
Egibarrek Telleria 'errugabe'tzat jotzea espero du
Bestalde, bozeramaile jeltzaleak esan du "alderdi askok" bat egiten dutela EAEko Aurrekontuen zirriborroan agertzen denarekin.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak Aitor Telleria Araba Buru Batzarreko kide ohia "errugabea" izango dela eta politikarien, enpresarien eta Arabako gizarteko bestelako agintari batzuen ustezko espioitza auzia artxibatuko dela espero du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Arabako Probintzia Auzitegian gaur hasiko den ahozko epaiketa izan du hizpide buruzagi jeltzaleak, eta "hiru urte eta gero" bazela garaia epaiketa hasteko azpimarratu du.
Horren harira, Egibarrek gogora ekarri duenez, "Ertzaintzak duela hilabete batzuk egiaztatu zuen epaitzen ari diren informazio horiek ez zetozela Ertzaintzarengandik".
"Auzia artxibatzea eta Aitor Telleriaren errugabetasuna, eta dagokien funtzionarioena, baieztatzea da espero dudana", gaineratu du.
Aurrekontuak
Bestalde, EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak errefusatu egin du 2013ko Aurrekontuak aurrekoen luzapena izango direla, eta azpimarratu du Aurrekontuen zirriborroan "oinarrizko zerbitzuak" mantentzearen aldeko apustua egiten dela eta "alderdi askok" bat egingo dutela testu horrekin. Horren harira, EAJk alderdien "boto konprometitua" bilatuko duela eta ez duela abstentziorik nahi adierazi du.