Politika -
Miñao auzia
Hasi da Arabako ustezko espioitza auziaren epaiketa
Aitor Telleria EAJko kide ohia eta bi ertzain eseri dira akusatuen aulkian. Fiskalak lau urteko espetxe zigorra eskatu du.
Erredakzioa
Aitor Telleria EAJko buruzagi ohiaren eta bi ertzainen kontrako epaiketa gaur hasi da Arabako Lurralde Auzitegian. Lurralde horretako hainbat politikariri eta pertsona ezaguni espioitza egitea egotzi die Fiskaltzak, eta lau urteko espetxe zigorra eskatu du hirurentzat.
Halaber, hiruren artean ustez espioitza egin zieten 21 pertsonei 342.000 euroko kalte-ordainak ematea ere eskatuko du Ministerio Publikoak.
2010. urteko udan, Poliziak hainbat politikariri, enpresabururi eta Arabako beste hainbat pertsonari buruzko informazio pertsonalak topatu zituen Telleriaren bulegoan, 'De Miguel auzia'ren baitan egindako miaketa batean.
Fiskaltzaren arabera, aipatu bi ertzainek informazioa pasatzen zioten Telleriari, eta jarraitu beharreko pertsonen zerrenda egiten zuten. Gainera, agenteek ikerketak egiten zituzten, jeltzaleak emandako datuak oinarri hartuta.
Politikari eta pertsona ospetsuen zerrenda horretan, besteak beste, hauek ageri dira: Patxi Lazcoz, Juan Carlos Alonso, Txarli Prieto eta Santiago Abascal politikariak eta Arabako patronaleko kideak, kazetariak eta ertzainak.